Santi eta Josuri omenaldia Bilboko Euskaldunan, bien erailketaren 30 eta 25.urteurrenean. Pernando Barrenak hitz egin du ekitaldian.

25 eta 30 urte igaro dira dagoeneko. Santi Brouard eta Josu Muguruza, historia gordina, latza bizitzea egotzi zaigu denbora guzti horretan; zailtasun guztien gainetik aukera ematen digutenak esateko "Ezker Abertzalekoa naiz eta harro nago". Historia gordina, hildakoak, espetxe urteak... prezio latza ordaindu dugu hartutako konpromisoagatik. Eta nik behintzat ez daukat dudarik; bereziki harro gaude Josu eta Santirekin eta bera bezalakoekin militantzia konpartitzeagatik; harro Ezker Abertzaleko kide izateagatik eta proiektu politiko horren parte izategatik. Gora Ezker Abertzalea!

Josu eta Santi garai jakin bateko erreferente politiko eta kolektibo gisa hartzen baditugu, Josuk eta Santik asmatu zutela esan dezakegu. Garaiko Ezker Abertzaleak ebatzi zuen Estatu espainolak ez zeukala eskaintza demokratikorik Euskal Herriarentzako, erreforma espainolak elite politikoen pribilejio ekonomiko eta sozialak betikotuko zituela eta herrien kontrako iruzurra besterik ez zela; eta ondorioz haustura demokratikoaren aldeko apustua egin behar zela eta euskal herritarron erabaki eskubidearen errespetua ipar hartuta aurrera egin behar genuela. Hori erabaki genuen eta asmatu genuen, 37 urte beranduago esan daiteke lasai asko.

Garai berria zabaldu dugu Euskal Herriarentzako, aukera berriei ireki diegu leihoa eta hori borrokatuz lortu dugu.

Hori guztia trantsizio espainolaren hasieran esan genuen eta gaur aldiz, deskonposizio betean dagoen estatu bat daukagu aurrez aurre. Duela hamarkada batzuk beste bat zen egoera eta Estatua menpeko egoera hori betikotzeko estrategia ari zen garatzen; eta horretarako eskura zituzten tresna guztiak erabiliko zituztela erabakita zeukaten gerora ikusi eta pairatu genuen bezala. Hori guztia kudeatu behar izan zuten Santik eta Josuk Ezker Abertzalearen izanean; eta gainera beste inongo laguntza politikorik gabe, orduko PNV gaurkoaren modura Madrilekiko itun amaigabe eta ezinezkoa lotzen saiatzen ari zelako. Eta horri guztiari ausardiaz eta egoki erantzun zioten. Herri hau bizirik dago beraiek egin zuten hautuari esker. Eta hori harrotasunaz esan dezakegu, ongi egin zuten, ongi egin dugu, eta horri esker iritsi gara iritsi garen tokira. Hemos conseguido pervivir como pueblo gracias a la apuesta que Santi y Josu y muchos otros y otras hicieron en aquel entonces. Y eso lo podemos decir con orgullo: acertaron, acertamos, y gracias a aquel reto que asumimos por la paz y la libertad de este país, hemos alcanzado esta situación.

30 urte beranduago demokrazia eraikitzeak jarraitzen du izaten erronka nagusia. Hemen edota Catalunyan dagoen arazoa ez da nortasun nazionalen arteko talka edo nazio atxikimenduen artekoa. Demokrazia arazo bat besterik ez da; azken finean, Espainiak ez du onartzen ez garela beraiek bezalakoak, ez hobeak ez okerragoak, desberdinak, eta beraz komunitate nazionala osatzen dugun neurrian gure etorkizunaren jabe izan nahi dugula. Demokraziaz ari gara; proiektu politiko guztiak gauzatzea posible izateaz, eta herri gehiengoek norabide politikoak markatzeaz. Hori izan da beti Ezker Abertzalearen eginbeharra. Konpromiso hori aurrera eramatea larrutik ordaindu arazi digute eta askotan gorriak pasarazi dizkigute. Gogora ekarri nahi ditut espetxe politika krudela pairatzen ari diren euskal presoak, gazteriaren kontrako sumario etengabeetan prozesatu eta zigortuak, edota mota guztietako makroepaiketa politikoak sufritutakoak eta egokiera horretatik oraindik pasatzekoak direnak. Lan politikoa ez da delitua, euskal gizarteak aspaldian errugabetu gintuen. Epaiketa politiko gehiagorik ez! Euskal presoak etxera orain!

Eta aurrez aurre XIX. mendeko Estatu bat daukagu, administrazio publikoa lapurrez beteta daukana eta nazioarteko merkatu ase ezinek egotzi diguten zorra ordaindu ahal izateko, ongizaterako egitura publiko guztiak desmuntatzen ari dena.

Demokraziaz baino ez garela ari esan dugu; eta demokraziaren aldeko jardun hori da erronka, eta hori hartzen dugu gure gain. Iada ez dira erresistentziarako garaiak. Etorkizun librea eraikitzea dugu erronka, estatu independentea osatu eta eraiki behar da, herri honi eskaintza egin behar zaio bide horretan.

Ezker Abertzalea herri honetako kultura politiko bat baino ez du ordezkatzen, badira Euskal Herria ulertzeko beste modu ezberdinak -eta zilegiak- eta guk bestelako ikusmoldeak dauzkatenekin ere nahi dugu konpartitu independentziarako euskal bidea. Europako beste herri batzuk kapazak izan dira beren bide propioa marraztu eta adosteko. Guk ikasteko begiratu ditzakegun moldeak dira, eta bakoitzetik hobekien datorkiguna hartu.

Otros pueblos de Europa, partiendo de su propia realidad y necesidades han sido capaces de encontrar su propio camino hacia la independencia. Son experiencias de las que nosotros y nosotras podemos aprender y tomar de ellas lo que más nos convenga para hacer avanzar nuestro propio proceso de liberación.

Edozein modutan bi gauza izan behar ditugu buruan edonongo apustua partekatzeko garaian. Lehenengoa, herri gehiengoak eskuratuta irabaziko dugula bakar-bakarrik; gehiengo sozialak gehiengo politiko eta elektoral bilakatuta gure herriaren zabalera osoan. Eta bigarrenik, katalanek egin duten bezala eta Ezker Abertzaleak aspaldi erabaki bezala, gure indar propioez lortuko ez duguna ez digula inork oparituko. Entzun eta hitz egin ere ez duen nahi Estatu baten aurrean, aldebakartasuna da tresna eraginkor bakarra. Katalanek aurrez aurre daukate gu ukatzen gaituen Estatu bera, demokraziari bide egin nahi ez dion Estatua hain zuzen, eta beraiek erabaki zuten indarrak bildu ahalik eta hobekien eta euren indar propioekin aurrera egitea; eta oraingoz kontsultaraino iritsi dira eta nago horrela independentziaraino iristeko kapazak badirela. Eta guk Ezker Abertzalekook gauza bera egin genuen: Madrilek uste zuen gure estrategiaren logikaren preso ginela; beraiek jarrera monolitiko eta estatikoa mantenduz gero, gu ez ginela kapazak izanen mugitzeko eta aurrera egiteko. Eta egin genuen, eta ilegalizazioarekin bukatu genuen, aliantza soberanista ezkertiar sendoa sortu, eta bake prozesua martxan jarri genuen eta beraien jarrera ilun eta ezdemokratikoa agerian utzi nazioarteko komunitatearen aurrean.

Aldabakartasuna izan da horretarako tresna. Aldebakartasunak frogatu du tresna eraginkorra dela eta etsaiaren lotsak agerian uzteaz gain aurrerapen politikoak dakartzala. Espetxe politika kriminala aldarazteko tresna egokiena aldebakartasuna da momentu honetan; hori bai, mugimendu aldebakarretan funtsezkoa da indarrak biltzea ahalik eta presio sozialik, instituzionalik eta politikorik handiena egiteko eta hori da bilatu behar duguna. Euskal gizarte osoaren aldarria izan dadin presoen etxeratzea eta bake prozesuaren aldekotasuna.

Subirautzarako bideak gure indarrekin baino ezin du kontatu. Madril ez da etorriko Espainiarekiko kateak nola apurtzen ditugun laguntzera. Eta horregatik, beharrezkoa izanen da Ezker Abertzaleak ausardiaz jokatzea eta agertoki berrietarako erabaki berriak hartzea. Indefinizioa, etengabeko zalantza... luzamendutan ibiltzeak prozesuaren etsaiak baino ez ditu laguntzen. Ezker Abertzaleak hartu zituen bere garaian hartu beharreko erabakiak, eta bukaeraraino jotzeko konpromisoa dauka eta horrela jokatuko du bake prozesua azkartu, etapak ahalik eta lasterren erre, presoak etxera ekarri eta euskal gizartea bere etorkizunaren jabe izan dadin.

Eta esan bezala, bide hori konpartitu nahi dugu. Gehiago: hasieratik, "0"tik nahi dugu sortu Euskal Herriak bide propioa behar duela uste dutenekin. Creemos que cualquier posibilidad de trabajo en común para una vía vasca debe partir de una premisa que no imponemos nosotros sino la realidad política más evidente: no podemos esperar nada de Madrid -nada bueno al menos-. Y es necesario asumir esa idea de partida y actuar en consecuencia. Un camino propio para Euskal Herria exige que miremos a nuestra propia realidad y necesidades como pueblo, e interiorizar que Madrid no tiene oferta democrática para los vascos y vascas y que tampoco va a tenerla, no al menos por voluntad propia. Baldintza bakarra jarriko genuke, gurea ez dena, logika beteak agintzen duena baizik: Madriletik ezer ere ez dela etorriko, horretaz behingoan konturatzeko, jabetzeko eta horren arabera jokatzeko. Bide propioak Euskal Herrira begira jartzea eskatzen du eta Madriletik inoiz ezer ez dela etorriko barneratzea. Uste dugu hori ez dela iritzi bat baizik eta errealitaterik gordinena, eta errealitate horiek berak eraldatzeko funtsezkoa da errealitateaz jabetzea. Horrela ikusten dutenekin nahi dugu Euskal Bidea konpartitu, horixe da gure prestutasuna eta gure eskaintza.

Esan bezala, gu Ezker Abertzalekoak gara eta esan dugun hori guztia logika historiko baten baitan ikusten dugu. Horregatik berriro diogu: asko dira oraindik ere konpondu beharrekoak; nabarmena da oraindik ere egiteko falta dena, eta batez ere falta direnak, baina dudarik ez eduki: ongi egin dugu, ongi egiten ari gara eta Josu, Santik eta beste askok utzitako borroka ondarea kateak apurtzeko eta libre izateko erabiltzen jarraituko du SORTUk eta Ezker Abertzale osoak.

Gora Santi eta Josu!
Gora Ezker Abertzalea!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.