Zergatik da EH Bildu bozka eraginkorra edo bozka utila? Hau izan da azken asteetan izan ditudan hitzaldi eta ekitaldietan etengabe errepikatu didaten galdera. Halako galderak, zeharka, Madrilen aldaketa erdiesteko beste alderdi zehatz baten aldeko hautua eraginkorragoa izan daitekeela iradokitzen du eta, beraz, argudio horri aurre egitea zen eskatzen zidatena.

Gauza bera erantzun dut han eta hemen. Eta gauza bera azaldu nahi dut gaurkoan era labur eta errazean.

Bozka, bihotzarekin edo buruarekin eman daiteke. Urteetan, bihotzarekin bozkatu dugu. Bihotzarekin gure Herria maite dugulako, urruti preso dituztenak gurekin nahi ditugulako, langileen izerdia nobleen odola baino gehiago errespetatzen dugulako edota Euskal Herri askea amesten dugulako. Bihotzarekin bozkatu dugu sarri eta bihotzarekin bozkatu beharko genuke aurrerantzean ere.

Baina orain, bihotzarekin ez ezik, buruarekin bozkatzeko interpelatzen gaituztenean, nik baietz diot, ondo pentsatutako bozka ere izan behar duela hurrengo igandekoa.

Espainiako aldaketa omen da beste batzuk eskaintzen digutena. Eskaintza ona, baina eskaintza bakarra. EH Bilduk ordea eskaintza hirukoitza du. Bai, ondo irakurri duzu: hirukoitza. Eta buruak diosku, eskaintza "hirukoitza" eskaintza "bakarra" baino eraginkorragoa dela, utilagoa alegia.

Lehena. Zalantzarik ez dut Maroto eta Barcina ultraeskuindarrak botatzeko bozkak batu genituen bezala, Madrileko kongresuan ere EH Bilduren bozak aldaketaren aldeko bozekin batzeko prest egongo direla, Rajoy botatzeko eta estatu mailako aldaketa ahalbideratzeko. Honaino berdintsu beraz.

Bigarrena. Aldaketa egotekotan, soilik EH Bildu indartsu batek berma dezake aldaketa horren erdian Euskal Herritarron aldarrikapenak jartzea: erabakitze eskubidea, euskal presoen euskal herriratzea, hezkuntza sistema propio baten aldarrikapena edota lan eta babes sozialerako euskal esparruaren beharra. Aldarrikapen hauek bertan egon ezean, inork ez baititu garatuko, ez eta errespetatuko. Soilik EHBilduk lor dezake herri honen gehiengoaren aldarriak aldaketaren mahai gainean egotea, gure bizi eta lan baldintzetarako funtsezkoak diren gaiak bertan daudela bermatzea.

Eta hirugarrena. Aldaketa egon ezean, EH Bilduren aldeko bozkak, udazkeneko hauteskundeen aurrekari garrantzitsua ere bada, hemen, Euskal Herrian, burujabetza prozesu propio bat hauspotzen hasteko baliagarria ere bada. Ondorioz, gure bide propioa indartzen hasteko aukera ere badugu esku artean.

Hiru arrazoi horiengatik beraz, buruari eraginez eta ditugun aukerak ondo alderatuz, EHBilduren aldeko hautua da, zalantza izpirik gabe, bozka eraginkorrena, bozka utilena.

Ondorioz, niretzat bederen, hautua argia da. Bozkatzerakoan bihotza eta burua, biak ala biak, oso presente izan behar ditugulako, igandean, buruz eta bihotzez EH Bildu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.