ALBISTEAK

Martxoaren 8an, "ospatzen" dugu emazteen eskubideen aldeko nazioarteko eguna. Euskal Herri guzian elgarretaratze ezberdinak antolatuak dira karia horretara.

Ezin erran gaur egun parekidetasuna eta eskubiden berdintasuna bermatzen duen jendarte baten baitan girenik.
Alderantziz, borroka feministari esker lortutako eskubideak lanjerrean emanak dira gaurko egunean. Gaurko sistema kapitalista eta patriarkatuak, lortuak ziren hainbat eskubide murrizten ditu.

Kapitalismoak gogor jotzen duen une honetan, krisi soziala geroz eta zabalagoa den une hauetan, emazteak aurkitzen dira behin eta berriz lehen lerroan, diskriminazio eta eskubide urraketen lehen lerroan.
Kapitalismoak eragiten duen langileen zapalketa geroz eta nabariagoa da. Bidegabekeria honek lan postu murrizketak edo lan baldintzen okertzeak eragiten ditu hainbat arlotan. Izan ere, hezkuntza, osasungintza edota zerbitzu publikoetako lanpostuen gehiengoa emazteek okupatutakoak dira.

Hori horrela, krisi garai honek beste fenomeno bat ere agerian uzten du, idei ultraeskuindarren gorakada hain xuxen.
Duela guti, ezkontzeko eskubidearen inguruko debateen garaian, ez dira falta izan posizio atzerakoi eta matxistak emazteen errolari buruz. Idei hoiek mugatzen dute emaztearen errola prokreatzeko funtzioari soilik.

Ahantzi gabe, hemen Euskal Herrian Baionako apezpikuak egin dituen adierazpen zaharkitu eta hartu dituen posizionamendu beldurgarriak: Abortatze eskubidearen kontra eginez, bortxaketa kasu batean ere.

Arrazoin guzi hauentzat SORTUk bere militantzia deitzen du Martxoaren 8an mugimendu feministek antolatu dituzten elgarretaratzeetan parte hartzeko.

SORTUk borroka feministaren bidez patriarkatua deusezten segituko du urte osoan zehar jendarteko eremu ezberdinetan.

Martxoaren 8an beraz, deitzen ditugu Ipar Euskal Herriko biztanleak parte hartzera antolatuak diren mobilizazio ezberdinetara, bereziki Baionan antolatua den elgarretaratzera arratsaldeko 6h30tan Herriko Etxearen aitzinean.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.