SORTUk bere militantzia bildu du azaroaren 16an, larunbatarekin, burututako urteko biltzar nagusian. Biltzar nagusiaren helburua, egoera politikoaren inguruan eztabaidatzeaz gain, hurrengo bi gaiak eztabaidatzea eta bozkatzea zen:
1) Ezkertiar eta abertzaleen berrantolaketa eta EHBAIren prozesu eratzailea.
2) Heldu den maiatzaren europar hauteskundeak.
Lehen gaiak ez du kontrako proposamenik ukan eta biltzar nagusira eramana izan den mozioa aho batez bozkatua izan da.Mozio honen klabeak hauexek dira:
- EHBAIk sentsibilitate guzien parte hartzea bermatu behar du, baita bere gune erabakitzailetan, are gehiago antolatuak diren sentsibilitate politikoek horrela eskatzen dutenean. Hori dela eta, SORTUren biltzar nagusiak onartu du Autonomia Eraikik EHBAIren baitan parte hartzeko luzatu duen eskaera, EHBAIren gune erabakitzailea osatzen duten beste hiru indar antolatuen maila berberan.
- EHBAIren ibilmoldearen inguruan burutuko den eztabaida zenbait eta parte hartzailegoa izan behar da. Iaz bost alderdien artean sinatutako akordioarekin (AB, Alternatiba, Aralar, EA eta Sortu) identifikatzen den pertsona orok parte hartu behar du EHBAIren eraikitze prozesuan. EHBAI osatzen duten alderdien ardura da EHBAIren baitan parte hartu nahi duten militante ezkertiar eta abertzale guzien inplikazioa ziurtatzea eta ahalbideratzea baldintza hoberenetan, bai eztabaidetan baita erabakietan. Hori da ere etorkizunean EHBAIren ibilmoldeak eta eztabaidatzeko prozedurak bermatu beharko dituena.
Bigarren gaia eztabaidatsuago izan da eta bozka ere estuagoa suertatu da. Aurkeztutako europar hauteskundeeri buruzko mozioa EHBAIren baitan eztabaidatua eta adostua izan da. Eta beraz, koalizioko beste partaideak burutuko dituzten batzar nagusietan ere aurkeztua izanen da. Mozio hori onartua izan da baina eztabaida sakon bat egon da eta nonbait mozioaren ber planteamendu bat egin da ere. Hauexek dira mozio honen puntu nagusiak:
- Hauteskunde hauen aitzinean helburu nagusia EHBAIren indartzea da. Europar hauteskundetan zerrenda bat aurkeztearen printzipio haratago lehentasuna ematen zaio EHBAIen baitako adostasunari. Une honetan adostu dena da zerrendarik ez aurkeztea eta Ipar Euskal Herrian beste hautagairik ez sustengatzea.
- Bestetik, hauteskunde hauetan EHBILDUk egingo duen kanpainan aktiboki parte hartuko dugu. Hautagaitza horrek Europan ordezkatuko gaitu eta lortzen diren eurodiputatuak EHBAIrenak izanen dira ere.
Mozioa EHBAI indartzearen beharragatik onartua izan bada ere, biltzar nagusian bi kritika plazaratuak izan dira:
- Krisi ekonomikoaren garai honetan, gogortasun neurri desberdinak inposatuak direnean, Euskal Herrian, frantziar estatuan eta orohar Europan ultra eskuindar alderdiak indartzen ari direnean, behartuak gaude errealitate honen aitzinean gogor erantzutea, ezin baitugu beste aldera ikusi, gure esparrua abandonatuz.
- Akats politikoa litzateke zerrendarik ez aurkeztea EHBAI hirugarren indar politikoa denean. EHBAI egiazko alternatiba da eta beraz hauteskunde gehienetan parte hartu behar du.