Hendaian gaude gaur elkarturik Angel Gurmindo "Stein" eta Bixente Perurena "Peru", euskal errefuxiatu politikoak omentzeko, egun 30 urte betetzen baitira GALek erail zituenetik. Egun hortan, 1984ko otsailaren 8an, GALek bere seigarren ekintza burutzen zuen Ipar Euskal Herrian. Bost hilabete lehenago, GALek bere lehen ekintza burutu zuen, euskal errefuxiatu politikoen eta beraien ingurukoen aurkako serie hilketa bati.hasiera emanez. 30 hildako inguru, gehienak errefuxiatuak, militanteak, Euskal Herriaren askapen nazionala eta sozialaren borrokan inplikatuak ziren herritarrak, eta baita ere frantses hiritarrak.
Gure irudiko egungo ekitaldia ekimen garrantzitsu bat da, Peru eta Stein-en senide eta lagunekin partekatzeko unea, eta haien bitartez frantziar eta espainiar estatuen ukapen eta errepresio politikak eragindako biktima guztiei gure berotasuna eskeintzeko unea. Euskal Herrian eta bereziki Ipar Euskal Herrian ezker abertzaleko militante belaunaldi oso bat hunkitua izan da GAL, eta orohar, gerla zikinarengatik. Hendaiak eta bertako jendeek gerla zikinaren gertakari anitz bizi izan dituzte, Batallon Vasco Espagnol, triple A, GAL edo Xabier Manterola hendaiarraren kontra burututako ekintzak errealitate honen adibide gordinak direlarik.
GAL bost urte luzetan aritu zen, frantziar Estatuak bere aurka gutxi edo ezer egin gabe. Nola ulertu bere lurraldetan Estatu subirano bat horrelako hiltzeko makinaren aurka mugitu ez izana, fitxik ez egitea? Frantziak ekintza hauek inpunitate osoz egiten utzi ditu polizi, prokuradore eta magistratu batzuen inplikazioarekin. Horrelako jarrera duen estatu bat egoera honen erruduna besterik ez da. Ozen esaten dugu, Parisek badu ardura politiko argi bat GALek eragindako ekintzetan. Horregatik frantziar estatuari bai gerla zikinarekiko baita orohar Euskal Herriarekiko ukan duen jarrerari buruzko argipenak eman ditzala eskatzen diogu. Horregatik egun poderean den Partido Sozialistari, GALen garaian zegoen alderdi berari, zuzentzen gara, gaur hemen, garai mingarri hartaz bere iritzia eman dezala. 1981 urtean jandako hitzari buruz, estradizioei eta atxiloketei buruz, gerla zikinari buruz, PS-ren bilana itxoiten ari gara oraindik. 30 urte igaro dira GALen sorreratik, PS berriz poderean da Parisen, ezagutzen ditu Ezker Abertzaleak hartutako engaiamenduak baita, Euskal Herrian gatazka konponbidearen eta aitortza instituzionalaren alde dagoen adostasuna, bada garaia beraz urtetako ukazio eta errepresio dinamikarekin hausteko eta konponbide fase batean sartzeko, garaia da arduraz jokatzeko!
Egia nahi dugu! GALek eraildako militanteen senideek eskubidea dute egia jakiteko, garai hartako arduradunek egia esan behar digute. Halere ongi dakigu espainiar zein frantziar estatuek ez digutela ezer argituko, ez dutela haien ardura asumituko, prosezu demokratiko baten aurka daudela. Zeren eta badakite bide horrek GALen ardura onartzea suposatuko lukeela eta baita gatazkaren izaera politikoa bera. Alabaina, gure ustez ez diegu eskatu behar Euskal Herriko historia idaztea, ezta azken 50 urteetako gatazka armatuarena. Haiek beraien irakurketa egingo dute eta guk gurea egin beharko dugu. Peru, Stein eta Euskal Herriaren alde bizitza eman duten beste militante guztiak betirako gogoratuko ditugu, gure bihotzetan dira. Gure herria beraien engaiamenduari esker dago bizirik. Badugu memorio kolektiboaren inguruan lan sakon bat egiteko, gure historiaren idazleak izan behar gara, ez diegu inola ere lan hori utzi behar zanpatu diguten estatuei. Etorkizuna beste era batean eraikitzeko memorio kolektiboaren lanketa hori egitea ezinbestekoa da, ezer eta inor ahantzi gabe. Lan horretatik aterako da egia. Gure aldetik prest gaude ariketa hori burutzeko, egia eta propaganda desberdintzen duena, memorio kolektiboa eta mendekua desberdintzen duen bezala.
Egun, Euskal Herrian, gatazkaren ondoriei buruzko eztabaida irekia da. Batzuek sinestarazi nahi digute sufrimendu bakarra dagoela. Badirudi batzuentzat herri honen parte batek ez duela sufritu, edo ez duela eskubiderik sufrimendu hori aldarrikatzeko. Zoritxarrez bizi izan dugun eta oraino bizi dugun gatazkak sufrimendu anitz eragin du, eta inork ere ez du horren monopolioa. Arduragabekeria da errealitate hori izkutatzea. Euskal Herriak sufritu du, Parise eta Madrilen inposizioa pairatu du, hamarnaka militante hil dira, milaka torturatu eta espetxeratu, beste batzu desageraraziak. Hau da errealitate gordina! Aste honetan bertan sufrimendu honen beste adibide bat bizi izan dugu, Arkaitz Bellonen heriotzarekin, bere etxetik 1000 kilometrora. Hemendik, gure elkartasuna eta besarkada handiena Arkaitzen senide eta lagunei. Heriotza, mina eta sufrimendu izugarria sortzen duen espetxe politika krudel hau behingoz amaitzeko exijitzen dugu.
Ozen esan, idatzi, zabaldu eta hedatu behar dugu errealitate hori, Euskal Herriko historiaren parte da, onartu behar da, onartu behar dute! Sufrimendu gaiaren inguruan ez dugu inorengandik irakaspen moralik onartuko, are gutxiago GALen atzean ibili direnengandik. Ezker Abertzaleak ez du inongo arazorik gatazkak eragindako mina onartzeko eta berari dagokion ardura asumitzeko. Gatazkan inplikatuak diren eragile guziei gauza bera egitea eskatzen diegu, horrek indartuko luke martxan den prozesu demokratikoa. Sufrimendu hori erreala da, sakona, baina inola ere ez du oztopoa bihurtu behar eraikitzen ari garen prozesuarentzat. Ez dugu ahanzten, ez dugu inoiz ahantziko, eta preseski sufritu dugulako behartuak gaude martxan dagoen prosezu politiko demokratikoa bururaino eramatea, belaunaldi berriek antzeko sufrimendua pairatu ez dezaten. Iraganak ez du oztopoa izan behar etorkizuna eraikitzeko.
Ezker abertzalearen iniziatiba desberdinei esker gatazkaren fase erresolutibo baten atarian aurkitzen gara. Aieteko adierazpena eta ETAk borroka armatua uztearen erabakiak, besteak beste, aukera berriak ireki dituzte bai gatazka konponbidearen alorrean, baita gure nazioaren aitortza politikoan. Gure iniziatibek gehiengo sozial eta politikoak eraikitzea ekarri dute, baita nazioarte mailan inplikazioak areagotu eta estatuei presioa indartu. Prosezu honen giltza gure eskuetan dago, estatuen imobilismoaren aitzinean indar metaketa eraginkorra eraiki behar dugu. Euskal Herria martxan da, ezer eta inork ez du askatasunaren bidea geldituko. Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren alde, Peru, Stein eta belaunaldiz belaunaldi beste ehundaka, milaka militanteen engaiamenduari esker, iritsi gara hona inoiz baino bizirik eta zutik! Euskal estatu independiente eta sozialista eraiki behar dugu, hori da gudari guztiei egin diezakegun omenaldi handiena, oparoena!
Gora Peru eta Stein!
Gora Arkaitz!
Gora Euskal Herri Askatua!
Gora Euskal Herri Sozialista!