Euskalgintzaren aldarrikapen historikoa da Euroituna berrestea. Martxoak 31 Kolektiboak bultzaturiko mobilizazioen ondotik eta Hollanden hauteskunde kanpainako zina gauzatzeko asmoz, diputatu sozialista batzuek Euroituna berresteko proposamena aurkeztu zuten Frantziako Lege Batzordean. Euroituna berresteko traba nagusia Frantziako Konstituzioa da, Estatu Kontseiluak eta Konstituzio Kontseiluak egiten duten irakurketa hertsiarengatik. Diputatu horien helburua da saihestea aipatu diren trabak.
Prozedurari jarraikiz, lege proposamena bozkatzen da Asanblean eta Senatuan, gehiengo soila aski da. Baina konstituzioa aldatu nahi denez, Erreferenduma behar du indarrean sartzeko.
Erreferenduma saihesteko, Frantziako gobernuak bere egin beharko luke Asanbleak onartu duen proposamena, xede bihurtuz. Aldiz, legea pasarazteko, Kongresuaren (diputatu + senatari) 3/5ak onartu behar du.
Arazoak: Frantziak Euroituneko 98 artikuluetatik 39 onartuko ditu, apalenak.
Orain artean konstituzioko 2. artikuluaren irakurketa mugatzailea egiten zen, frantsesa bada Frantziako hizkuntza ofizial bakarra, besteek ez dute eskubiderik.
Horrela irakurri zuten Estatu Kontseiluak eta Konstituzio Kontseiluak. Ohar hori saihesteko, konstituzioa aldatzea deliberatu dute baina 53.3 artikulu horretan, zehazten dute ez zaiola euskarari eskubiderik aitortzen, adminstrazioaren hizkuntza frantsesa dela eta funtzio publikoa duten erakunde guztiek, frantsesa baliatu behar dutela. Neurri mugatzaile hori arrisku nabarmena da, interpretazio mugatzaileena lege nagusian sartzen delako.
Frantziako gobernuak lege xedea aurkezten badu neurri mugatzaileak kendu gabe, euskalgintzaren aldarri bakarra hizkuntz eskubideen inguruan izanen da, legeak konstituzioaren muga ukanen duelako.