Pirinioen bi aldeetako harreman "ofizialak" "mugaz-gaindiko" esparrutik eramaten dira. Esparru honetan jokoan dagon borroka politikoa Euskal Herriaren lurraldetasunaren auziari lotua da guziz. Alabainan, harreman horien bitartez nolako mapa irudikatua da Europan? Irudikapen horrek ikaragarriko garrantzia du, zeren, mugaz-gaindiko esparru baten eraikuntzaren bitartez, Europar instituzioentzat erreferentea den sujetu bat osatu daiteke. Gisa hortan, direla kasik bi urte, Akitaniako eskualdeak eta EAEk mugaz-gaindiko harremanen kudeatzeko tresna publiko bat eratu dute (GECT : Groupement Européen de Coopération Transfrontalière). Tresna honen estatutuetan helburu argi bat esplizitatua da: Akitania/Euskadi euro-eskualde bat sortzearena.
Helburu honen gauzapenak gure proiektu estrategikoari -7ak Bat- eragingo liokeen kaltea ulertzeko ez dago azterketa luzeak egitearen beharrik. Horregatik Ezker Abertzaleak bere garrantzia eman behar dio gai honi. Alta, europar zuzenbidean finkatua den oinarri juridiko bat eskainiz, eremu honek, euskal lurraldeen artean harremanak eraikitzeko aukera asko eskaintzen ditu.
Konparazione, hezkuntza bezalako arlo bat hartzen badugu, ohartzen gara unibertsitate arloan, guretzat baliagarriak diren esperientziak badaudela Europan zehar. Adibidez, Alemania eta Frantziaren artean, EUCOR deituriko unibertsitate sare bat eraiki dute ondoko hiriak lotzen dituena : Bâle, Fribourg, Karlsruhe, Mulhouse, Strasbourg. Euskal Herrian ez dugu horrelakorik... Hutsune horretaz ohartuta, Akordio Estrategikoaren partaideen artean (AB, Aralar, EA, Sortu) lantalde bat osatu berri dugu "mugaz-gaindiko" harremanen inguruan nazio eraikuntzaren ikuspegiarekin koerentea izanen den estrategi bat zehazteko.