ALBISTEAK

Sortuk oso positiboki baloratzen du Aberri Eguneko mobilizazio jendetsua, erabakitze eskubidea eta independentziaren alde martxan dagoen herriaren adierazgarri.

Era berean, azpimarragarria iruditzen zaigu EAJ alderdiak egindako diskurtsoa, Estatu espainiarrarekin elkarbizitza sustatzearen aldekoa eta, hein berean, Sortu eta Ezker Abertzalearen aurkako bidegabekeriez josia.

Eta gure galdera da: zertara dator EAJren jokabide hau? Sorturen iritziz, herri honen aldeko apustu irmoa egitearen beldur da, bere hegemonia eta zentraltasuna ukituak gerta daitezkeelakoan. Gauzak honela, nahiago du elkarbizitza eta akordioak bultzatu eta erdietsi Espainiako indar estatalekin, bere diskurtsorik bidegabeena Sortu eta Ezker Abertzalearen aurka bideratzen duen hein berean.

Gure iritziz ordea, espainiar Estatuarekin elkarbizitza bultzatzearen aldeko diskurtsoek ez garamatzate inora, etorkizunik gabeko egoeran uzten dute gure herria. Zergatik? Madril sabotajean eta gorrotoan oinarritutako estrategian dagoelako murgilduta, beti ere helburu argi batekin: konponbidearen aldeko eszenarioan inolako aurrerapenik ez egitea.

Aurrean duguna estatu ez demokratikoa da eta bitarteko guztiak baliatzen ditu bere politika inposatzeko; eta bere agendan ez da sartzen egungo estatus quoa ez den bestelako elkarbizitza eredurik; alegia, ukazioa eta inposizioarekin jarraitzea ez den bestelako eredurik.

Horregatik diogu aldebakartasunean oinarrituriko Euskal Bideari heldu behar diola herri honek, soilik honela lortu ahal izango dugulako aurrera egin eta eszenario berrietara heltzea, egun aurrean ditugun hesi gaindiezinen gainetik.

EAJk beraz, Madrili begira egoteari utzi behar dio eta hein berean aldaketa eta erabakitze eskubidea ukatzen duten indarrekin akordioak bultzatzeko asmoa baztertu behar du, prozesu demokratikoaren alde gauden guztion eskutik bidea egiteko hautuari helduz.

Hauxe da, hain zuzen ere, herri honen gehiengoaren aldarrikapena: erabakitze eskubidean oinarritutako akordio zabala erdiestea gu guzion artean. Hauxe bera da eta izango da etorkizunean Sorturen hautua.

Bukatzeko, gehiengoak ez luke ulertuko, hala pentsatzen dugu, koiuntura historiko honetan EAJk herri gisa ukatzen gaituztenekin akordioak bultzatzea eta garaiak eskatzen duen neurrian ez aritzea.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.