Hona hemen Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiaren errreakzioa Altsasuko gazteen zigorrak berresten dituen sententzia ezagutu ondoren:
"Beste ezer baino lehen gure besarkadarik beroena eta maitekorrena helarazi nahi diegu Altsasuko gazteei eta haien senideei. Beste behin ere zuekin gaude.
"Hitzak agortzen dira. Eta kalifikatiboak ere bai. Injustizia berri hau deskribatzeko. Espainiar Estatuan 13 urteko kartzela zigorra ezarri berri zaie gazte batzuei taberna batean izandako borroka bategatik. Espainiar Estatuan txiolariak, raperoak eta titiriteroak kartzelaratu egiten dituzte. Espainiar Estatuan une honetan Kataluniako lider politikoak epaitzen ari dira eta 25 urtera arteko espetxe zigorrak ezarri nahi dizkiete, zergatik eta erreferendum bat deitzeagatik. Eta espainiar Estatu honetan, bien bitartean, aldi berean milaka eta milaka genozida frankista, milaka eta milaka torturatzaile, ustel edo hamarnaka bortxatzaile, Manadakoak bezalaxe, kalean dira. Horixe da espainiar Estatuaren benetako izaera.
"Kalera atera beharra dago beste behin ere, Altsasukoen askatasuna aldarrikatzeko eta exijitzeko. Baina batez ere kalera atera beharra dago geure herrien askatasuna exijitzeko. Askotan esan dugun bezalaxe, ez katalanek ez euskal herritarrek ez dugu benetako demokraziarik ezagutuko espainiar Estatuaren menpe jarraitzen dugun artean.
"Azken mezu bat espainiar estatu horri: ankerkeria gorena erakutsiagatik, itxikeriarik gorenena erakutsiagatik, bataila hau irabazi egingo dugu demokratek, herriek eta askatasunak. Ez egin dudarik".