ALBISTEAK

Atzo, ekainaren 14a, Sorturen Nazio Batzarra bildu zen. Bertan egoera politikoaren irakurketa egin zen, hiru ataletan zatituta: estatu espainiarra zertan den, haustura demokratikoaren beharra eta EAJren jokabidea:

Estatu espainiarrari dagokionean

Trantsizioa burutu zenetik 37 urte beranduago, Francoren erregimenaren erreforma kolokan dago. Espainiako Trantsizioak lotuta utzi nahi izan zuena askatzen ari da, estatu eredua kinka larrian dagoelako. Zalantzarik gabe, kapitalismoaren fase honen krisiak estatua are gehiago ahuldu du, nonbait, estatu ereduaren krisia ikaragarri azkartu egin du, erregimenaren erreforma sustatzen zuten zutabe guztiak ustelduta agertu baitira.

Ustelduta dago monarkia eta jende guztiak bazekien ere, bazegoen horretaz hitzik ez egiteko adostasun tazitoa. Ustelduta dago bipartidismoa eta alternantzian sustatzen zen sistema politikoa kili-kolo dago. Eskuineko hanka, PP-ren inguruan biltzen dena ahuldu da baina oraindik sendo dago. Ezkerreko hanka, PSOEk ordezkatzen duena, desegiten ari da, sinesgarritasun guztia galdu duelako. Zeresanik ez, ezkerreko hanka, PSOErena, erreforma legitimatzeko garrantzitsuena zen, berak erregimenarekiko kritiko guztiak bildu eta indargabetu behar zituelako.

Baina ezin ditzakegu gaixotasunaren sintomak eta sorburuak nahastu. Monarkiaren desprestigioa sintoma da. Bipartidismoaren krisia sintoma da. Estatu ereduaren krisia, ordea, sorburua da. Beste modu batez esanda, hau guztia gertatzen ari da, hau guztia azkartzen ari da, Katalunia badoalako. Katalunia datorren udazkenean bere bidea egiten hasteko aukerak Estatuan alarma gorri guztiak piztu ditu. Estatuan, Katalunian bezala, badakitelako Katalunia gabe ez dagoela Espainia. Gainera, Kataluniako atea irekitzeak beste batzuei objektiboki atea irekitzen laguntzen die.

Hori dela eta, espainiar estatuak operazio hau presaka abian jartzea erabaki du. Estatu operazio honen helburua da Francoren erregimenaren erreformaren erreforma egitea. Ondorioz, erregea aldatzearekin batera, Trantsizioan alderdi politikoek egin zuten adostasuna eraberritu behar dute eta Konstituzioaren erreforma egitera behartuta daude.

Konstituzioaren erreforma hori seguruenez hurrengo hauteskunde orokorren ostean gertatuko da. Bitartean Estatuak sendotasuna, egonkortasuna eta sinesgarritasuna berreskuratu behar ditu. Gainera, Kataluniako mehatxua neutralizatu edo behinik behin atzeratu behar du, adostasun horren baitan PP eta PSOE eraberritu batez gain, PNV eta Kataluniako botere instituzionala ordezka lezakeen inor egon daitezen.

Egoera zail honetan zalantza nagusietako bat da ea Kataluniako prozesua gaur egun geldiezina ote den. Hau da, Convergencia noraino iristeko prest ote dagoen, noski, azaroaren 9ko kontsulta ortzemugan. Adierazle guztiek esaten digute Masek berak atzera egiterik ez duela. Unió atzean geldituta ere, Convergenciak aurrera egiten segitzeko borondatea adierazi egin du. Esquerrak prozesu ikuspegia bere interes alderdikoien gainetik une guztietan lehenesten baditu, Convergenciak ez du sasi-irtenbiderik topatzea erraz izango. Assemblea Nacional de Catalunyak eta gainontzeko herri mugimenduek egin dezaketen lana inola mespretxatu gabe, kataluniarrek urteotan lortu duten heldutasun politikoan datza arrakastaren aukera hein handi batean.

EAJri dagokionean

Euskal Herritik, PNVk begi batez Kataluniari zeharka begiratzen dio eta ikaratu egiten da. Horregatik zain dago, ea kataluniarren prozesuak porrot egiten duen eta horrela beraiek hemen antzeko ezer ez egiteko aitzakia daukaten. Hori da beraientzako Euskal Herrian burujabetza prozesua mantsotzeko arrazoietako bat. Bestea, beste begia Madrilera begira dutela. Eta horrekin ikaratuta agian ez, baina nahiko urduri eta oso kezkatuta daude. Madrilen gauzak argitu arte ez dute ezer egiteko presarik. Eta noski, gurekin eta beste batzuekin, Txibertan bezala, hitz egiten hasi aurretik beraiek Madrilen batzuekin eta besteekin ari dira, ea berriro nola kokatzen duten beraien burua erreformaren erreforma horretan euskal ordezkari bakar gisa.

Halere, PNVk ere badaki gaur egun erreformaren erreforma horrek Katalunian ez ezik, Euskal Herrian ere zelofan bereziagoa behar duela. Gernikako Estatutua gaindituko duen zelofana, "profundizar en el autogobierno dando satisfacción simbólica a la capacidad de decisión", Ortuzarren hitzetan. Estatuarekin adostu beharko lukeen gauzatu ezinezko erabakitzeko ahalmena, baina gaur egun Espainian ez dago halako eskaintzarik ere egiteko kapaza den estaturik.

Bitartean EAJk Euskal Herrian, bai Nafarroan, bai gainontzeko herrialdeetan gu baztertzen gaituzten akordioak bilatuko ditu, batez ere Alderdi Sozialistarekin. Zergatik? Estatuarekin akordio berri bat egiteko Euskal Herrian, alternatibaren ekuazioan, EH Bildu ezabatzea ezinbestekoa baita beraientzat.

Baina gaur egun mapa politiko honen gainean ezkerreko esparru soberanistatik kanpo aliantza politikoak -bai taktikoak, baita estrategikoak ere- zabaltzeko zailtasunak gutxietsi gabe eta gatazkaren ondorioen atalean Estatuak ezarritako itxikeriak sortzen digun ezintasuna ere kontuan hartuta, indarrak biltzeko eta herritar aktibazioa suspertzeko estrategia honen baitan, guztiok egindako ahaleginari esker, gaur egun indar posizio batean kokatuta gaude. Euskal Herriarentzat aukera berri bat gure aurrean daukagunean, haustura demokratikoaren alde indarrak biltzeko baldintzak paregabeak dira.

Haustura demokratikoari dagokionean

Haustura demokratikoa aipatzen dugunean, zertaz ari gara? Francoren erreformaren erreformari uko egiteaz, horretarako Euskal Herrian indar politikoen artean akordio politikoak bilatzea. Akordioak, zertarako? Madrili eskakizun zehatza egiteko: Euskal Herriaren nazio aitortza eta, ondorioz, nazio gisa dagozkigun eskubideekiko errespetua eskatzeko. Halakorik ez badago, eta ez da egongo, Euskal Herriko indar politikoen arteko akordio politikoek euskal instituzioetan ordenamendu juridiko propioan erabakitze eskubidea gauzatzeko modua txertatzeko balio behar dute. Hau da, independentziaraino alde bakarreko bideari legezko oinarria emateko, eraiki behar ditugun gehiengo sozial eta politikoei tresna juridiko-politikoak emateko, alegia.

Ez dirudi gaur egun akordio horiek lortzea erraza izango denik. Baina zenbat eta EH Bildu indartsuago, edonorekin akordioak lortzea gero eta errazagoa izango da. Horregatik udal eta foru hauteskundeetan instituzio askoren kudeaketa ez ezik, Euskal Herriak erreformara ala hausturara jotzea ere jokoan dago. Gernikako Estatutuaren eta Foru Hobekuntzaren zelofan maiztuak eraberritzeko saiakerak izango dira, baina 37 urte beranduago herritar gehiengoa ez dago zelofan polit batekin konformatzeko prest.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.