Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) eta Sortu alderdiek euskal herritarrei zera jakinarazi nahi diete:
Gaur goizean gure alderdien ordezkaritza bana Bilbon bildu dira, bi alderdion arteko harremanak bideratzeko asmoz. EAJ-PNVtik Andoni Ortuzarrek eta Joseba Aurrekoetxeak parte hartu dute eta Sortutik Hasier Arraizek eta Rufi Etxeberriak.
Gaurko bilkuran EAJ-PNVk eta Sortuk egiten duten egoera politikoaren azterketaren berri elkarri eman diote eta, zailtasunak zailtasun, aurrerantzean abiatu daitekeen elkarlanerako oinarriak zehazten ahalegindu dira.
Alde biek irailetik aurrera bilkura dinamika honekin jarraitzeko asmoa berresten dute, urte luzeetan elkarri mintzatu gabe oraindik bi alderdien artean oinarrizko konfiantza eraikitzeko elkarrizketa asko egiteke baitago eta edozein elkarlan abiatzeko elkarrizketa lehentasuna baita.
