ALBISTEAK

Prentsa ohar honen bidez, Joseba Egibar PNVren eledunak Ezker Abertzalearen akordioetarako "borondate faltaz" eginiko adierazpenei erantzun nahi die Sortuk:

Azken asteotan, nabarmen gogortu du Sorturekiko zein EH Bildurekiko bere mezua eta jarrera PNVk. Jarrera oldarkor horren bidez giroa gaiztotu nahian dabil PNV, EH Bildurekin herri ikuspegi batetik ezelako akordio erdiesteko duen borondate eza ezkutatu nahian.

Batetik, PSErekin akordioak lehenetsi ditu PNVk, azken finean, egoera honetara ekarri gaituzten politika ekonomiko eta sozialak egiten jarraitzeko PSE sozio erosoa delako. Gobernatzen dituen herrietarako azpiegitura txiki batzuen finantzaketaren truke PNVren murrizketen politika neoliberalak bultzatzeko arazorik ez du PSEk.

Eta bestetik eta bereziki, bere iparra Euskal Herrian jarri beharrean Madrili begira dagoelako PNV. Burujabetzarako bide propio bat errefusatzen du PNVk, alderdi bezala duen estatusa bermatuko dion espainiar bidearen aldeko hautua eginez.

Sortuk ordea borondate argi eta nabarmena du: Euskal Herriaren burujabetza eta bere herritarren eskubide guztien bermerako bidea egitea, bide horretan bidaide izateko prest diren herritar eta eragile guztiekin batera.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.