ALBISTEAK

Frantziako "Charlie Hebdo" astekari satirikoaren aurka atzo goizean gertatu zen erasoak 12 hildakoen behin behineko balantzea utzi zuen. Ez da lehen aldiz hedabide horrek erasoa pairatzen duela, 2011ean bere Pariseko egoitza suntsitua izan zen lehergailu batek eztanda egin ondoren. Izan ere, gaurko atentatua bereziki latza izan da.

"Charlie Hebdo"ren aurkako atentatuak adierazpen askatasuna jo mugan hartzen duen heinean oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa da. Horregatik, gure ustez atentatua guztiz arbuiagarria da. Erasoa salatzearekin batera Sortuk bere samina agertu nahi dio eraso horretan hilik edo zauriturik gertatu diren pertsonen familiei.

Estatu frantsesean, Europako beste hainbat herritan bezala, muturreko ideologia atzerakoien susperraldia bizi da. Krisi sozio-ekonomikoaren eraginez, lehenik ere presente ziren jokabideak – faxismoa, arrazakeria, xenofobia, erlijio intolerantzia-, eta oro har diskriminazio joerak ugaldu dira frantziar gizartean. Parisen gertatu den eraso latzak horrelako jokabideak indartzeko erabiltzeko tentazioak ez dira, tamalez, faltako. Besteak beste, gobernu jardueretan guztiz txertatuta direlako Front National bezalako alderdiek aldarrikatzen dituzten ideia berekoi eta baztertzaileak.

Gizarte aniztasuna eta barne zein kanpoko gatazkak kudeatzeko duen moduari buruz galdera ezerosoak egin beharrean, segurtasun parametroetan erantzuteko joera nagusitu da orain arte. Izan ere, gaurko atentatua ez da ekimen isolatu bat, eta akatsa litzateke, seguruenik, erantzun bakarreko soluziobidea aldarrikatzea. Besteak beste, eskema horrek porrot egin duelako, "Charlie Hebdo"k pairatu duen eraso krudel bezain nardagarria erakusten duen bezala.

Munduko beste hainbat eremu geografikoetan bezala, Europan ere iraganeko mamuak zabalduz doaz, eta muturreko ideologia atzerakoiek gero eta toki handiagoa hartzen dute. Oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako erasoak askotarikoak dira eta eremu ezberdinetatik datoz. Ondorioz, inoiz baino beharrezkoa da, demokrazia, justizia soziala eta bakea ardatz hartuta bestelako gizarte eredua eta nazioarteko harremanen sistema sustatzea.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.