ALBISTEAK

Hemen gaudenok ezker abertzaleko militanteak gaituzue, arlo politiko eta sozial desberdinetan lan egin dugu eta lan egiten dugu, eta hemen bildu gara aldaketaren aldeko azken ahalegina egin eta, maiatzak 24 EH Bilduren aldeko botoa ematera deitzeko.

Bere historia hurbilean aspaldiko partez une erabakiorran aurkitzen da Nafarroa. Inposaketa, kriminalizazio eta bazterkeria hamarkadetan sufritu ondoren, aukera bat ireki zaigu eta ezin diogu pasatzen utzi. Eta hau esaten dugu, eskubide osozko nafar izatea ere ukatu digun erregimen madarikatu honi eutsi eta aurre egitea zeinen gogor eta mingarria den aski ongi ezagutu eta pairatu dugulako.

 Gaur egun aukeraz aritu ahal bagara, hain zuzen ere da garai batean Amejoramenduaren erregimena, Navarra Foral y Española delakoaren erregimena ezartzen utzi ez genuelako. Orduan erregimenaz hitz egiten genuenak gutxi ginen eta jazarpena jasotzen genuen. Transizioaren iruzurraz aritzen ginenak, UPN eta PSN txanpon bereko bi aurpegi baino ez zirela salatzen genuenak. Saltzen ziguten Paradisuzko Nafarroaren mitoari aurre egin genionak. Korrupzioa, bazterkeria, euskararen kontrako erasoak, 36ko krimenak, beste batzuk izkutatu eta ahaztarazi nahi zuten frankismoa Salatu genituen. Matxismoa, zementu obsesioa, boom inmobiliarioa, obra erraldoi bezain funtsgabeak salatu genituen. Ezezkoaren banda deitzen ziguten, progresuaren etsaiak.

Haundikeriz Nafarroan nafarron borondateak agintzen zuela esaten zutenean (beti ere maskulinoz navarro hitz hori) ezetz oihukatzen genien, ezetz, inoiz ez zigutela gure estatus politikoaren inguruan galdetu, Amejoramendua demokraziaren kontrako eliteen inposaketa baino ez zela, ez paktua, sinestarazi nahi ziguten moduan.

Kriminalizatu gintuzten, ilegalizatu, espetxeratu. Isilarazi nahi izan gaituzte. Gaur egun bere militantzia politikoagatik eta bere ideiengatik pertsonak preso daude, edota sententzia eta epaien zain. Baina hemen gaude eta orduan sutsuki defendatzen genituen ideiak eta baita terminologia bera ere gaur guztiek ahotan darabiltzate. Garai bateko aktibismoak, gurea eta beste pertsona eta talde askorenak, bidea ireki zion gaur galdu ezin dugun aukera honi.

Jazarpena amaitu ez den arren, oraingoan ezin izan digute bozkatzea galerazi, ezin izan diote ukatu Nafarroa errebeldeari zerrenda osatu ahal izatea. Beste indar soberanista, independentista eta ezkertiarrekin batera indarrak bildu eta aldaketa sakon eta zabalaren alde egiteko, erregimenak arruinatutako Nafarroak aldarrikatzen duen aldaketa.

Indarrak biltzeko unea da, posizio irmoen inguruan borondateak biltzeko unea, gehiengo sozialaren interesetan oinarritutako proposamenak aurrera eramateko unea. Hori da EH bildun egiten ari garena, eta hori da ere LAB-ek egin duena. Horregatik handitu da eta Nafarroako Administrazioan nagusitu egin da.

Aldaketak sakona izan behar du, arlo guztietan. Aldaketa norberarengandik hasten da, lantokitik, eskolatik, familietatik, koadrillatik, auzo elkarteetatik, peñatik, mus partidatik, eskratxetik , desauzio edota atxiloketaren kontrako erresistentziatik. Aldaketak anitza izan behar du eta arlo sozial guztiek bultzatuta. Horregatik, behin eta berriz EH Bildun esan dugun moduan, Aldaketa Gizartetik Instituzioetara eraman behar da.

Eta ahalegin horretan egon gara, gaude eta egonen gara Nafarroako ezker abertzaleko emakume eta gizonak. Euskal Herriko aldaketaren motorra izango den Nafarroaren alde, Euskal Herri independiente, feminista, euskaldun eta sozialista baten bidean iraultza demokratikoaren alde. Indarrak bilduz, gero eta gehiago izaten. Gure botoa, EH Bildu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.