Sortuk bere elkartasun osoa adierazi nahi die Fleury Merogis espetxean gose greban diren euskal eta korsikar preso politikoei. Ibon Goieaskoetxea, Joseba Iturbide, Jose Juan Oses eta Andoni Goikoetxea dira gose greba hasi duten euskal preso politikoak, Cedric Courbey, Xavier Ceccaldi, Laurent Susini eta Eric Marras preso politiko kortsikarren batera. Bisitak izateko eskubidea etengabe urratzen ari zaiela salatzeko hasi dute protesta. Espetxe berean dauden beste preso politiko batzuek ere ekin diote borrokaldiari, beste molde batzuk erabiliz.
Sortuk euskal preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika kriminala salatu nahi du. Euskal preso politikoek pairatzen duten egoerak okerrera egin du nabarmen azken urteotan. Sakabanaketak, isolamenduak, gaixorik diren presoen baldintzak okerrera baino ez dute egin. Eta espetxetik kanpo ere, euskal preso politikoei sustengu juridikoa zein politikoa eta soziala ematen diotenen aurkako jazarpena hazi besterik ez da egin. Eskubide urraketa eta mendekua oinarri duen espetxe politika ezartzen diote Madril eta Parisek Euskal Preso Politikoen Kolektiboari, gatazka politikoaren konponbidea eragozteko helburuarekin.
Horren aurrean, ezinbestekoa da herri mobilizazioa indartu eta biderkatzea, espetxe politika kriminalarekin amaitzeko lehenik eta lehen bait lehen, euskal preso politiko guztiak etxeratzeko. Horrela, Sortuk atxikimendua adierazten die espetxe politika salatzeko eta gose grebalariekin elkartasunez burutuko diren mobilizazioei.
