ALBISTEAK

Sorturen kritika eta elkartasuna erakutsi nahi ditugu atxiloketa hauen aurrean. Kasu honetan, gainera, kritika horri gehitu beharrekoa, modu baketsuan bertaratu den jendea jipoitua izan dela.

Zer dago operazio honen atzean? Estatu espainiarraren eta frantziarraren itxikeria eta itsukeria. Konponbidearen aukerari errepresioarekin erantzuteko apustu erabatekoa.

 

Errepresioa izan da, da eta izango da bi estatuon ibilbide orria herri honen erabakia ukatzen jarraitzeko eta 'irabazle-galtzaile' kontakizuna inposatzeko.

Ze testuingurutan ematen da operazioa? ETAK berak armen deuseztapenerako urratsak egiten ari dela onartu duen garaian.

Ipar Euskal Herrian oso indartsu garatu den dinamika sozial eta politikoaren testuinguruan, horren lekuko berriki egin den Pariseko konferentzia. Atzoko operazioarekin estatu frantziarrak bere erantzuna eman du.

Bakearen etsaiek 2011 aurreko garaietara itzuli nahi gaituzte, beraz. Rajoy eta Hollanderi argi esan behar diogu erlojuak ez duela atzera egingo, herri honek aurrera egin nahi duela, behin betiko konponbidea nahi duela.

Norabide honetan, bide poliziala eta errepresioak desagertu behar dute ekuazio politikotik, konponbideari ateak zabaltzeko.

Bi estatuek konponbide osorako politikak inplementatu behar dituzte beraz, gatazkaren konponbideari bere osotasunean erantzuteko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.