ALBISTEAK

Ikasturte politikoa ixten ari gara; abuztua atseden apur bat hartzeko izan ohi da, eta aste gutxi barru errealitate politikoari berriro ekin aurretik ideia batzuk konpartitu nahi ditugu.

Datorren kurtso politikoa mamitsua izango da, ez daukagu dudarik. Mugarri politiko berriak gertatuko direlakoan gaude oinazpian izango dugun jokaleku zehatza zein izango den zehaztea zaila bada ere momentu honetan. Agerikoa zaigu beraz oso egoera aldakorraren aurrean gaudela eta irailetik aurrera apurka osatzen joango den errealitatea edozein dela, Ezker Abertzaleak horren guztiaren aurrean zorrotz aritzeko moduan prestatzea du erronka.

Trantsizioa martxan jarri zenetik 37 urte beranduago, Francoren erregimenaren erreforma erabat kolokan dago. Kapitalismoaren fase honen porrotak estatu ereduaren krisia nabarmen azkartu egin du; erregimenaren erreforma sustatzen zuten zutabe guztiak ustelduta agertzen dira, ustelduta dago bipartidismoa eta alternantzian oinarritutako sistema politikoa. Eta hau guztia azkartzen ari da, Catalunya badoalako eta horretarako ibilbide sendoa eta gizartearen gehiengoak babestua badaukalako.

Egoera honetatik begiratzen diogu orduko hartan gertatu zenari eta gero eta argiago daukagu Ezker Abertzaleak asmatu zuela egin zuen hautuarekin; bere garaian haustura demokratikorako egin zuen hautuarekin.

Gogoratu behar da zer defendatu genuen orduko hartan. Esan genuen 77an lotu zen eredutik abiatuta errotik ezinezkoa zela Estatuaren aitortza nazioanitzerantz eta Estatu espainoleko nazio ezberdinen autodeterminazio eskubidearen errespeturantz aurrera egitea. Eta gaur egun nabarmena da tesi horren sendotasuna eta gaurkotasuna.

Egungo egoerara itzuliz, 37 urte beranduago haustura demokratikoa lortzea ezinbestekoa da Euskal Herriarentzat. Agerikoa da PP eta PSOE zer nolako posizioa daukaten aldaketa testuinguru honetan: estatu operazio batean murgilduta daude, helburu argi batekin: Francoren erregimenaren erreformaren erreforma egitea; eta posizio horretan duten helduleku nagusia katalanei, euskaldunoi, galegoei, nazioei erabakitze eskubidea ukatzea da, eta horretan eskutik helduta doaz biak ala biak.

Egungo errealitatean haustura demokratikoa aipatzen dugunean, zertaz ari gara beraz? Frankismoaren erreformaren erreformari uko egiteaz ari gara, eta horretarako indarrak bildu beharraz Estatuko ezker eraldatzailearekin eta Galiza eta Països Catalansetako ezker independentistarekin; asko garelako 78ko erregimenarekin apurtu behar dela uste dugunok eta indar horiek elkarlanean jartzea garrantzitsua delako, beti ere Euskal Herritik Euskal Herrirako ikuspegitik. Zertarako? Eskakizun zehatza egiteko:

Euskal Herriaren nazio aitortza eta, ondorioz, erabakitzeko dagokigun eskubidearekiko errespetua.

Frankismoarekiko haustura demokratikoa saihestezina da honezkero Estatu espainolean. Eta gu dagoeneko prest gaude berau bultzatzeko gogo eraikitzaile argitik.

Guk uste dugu euskal independentistok ez dugula arazorik izan behar Estatu mailan aldaketa bultzatzen ari direnekin elkarlanean aritzeko. Hori bai, ez edonola, ez edozertarako, ez berriro ere beste 40 urte gehiagoz Estatuko herrien eta langileen eskubideak zapalduak izan daitezen jarraitzeko. Eta beraz, aldaketa aurrera ateratzen laguntzeko asmotan egon litezkeneei eskatu nahi diegu ez dezatela akordiorik burutu ez PP ez PSOErekin; akordiorik ez euskal herritarroi erabakitzeko eskubidea ukatzen digutenekin.

Aurrera begirako honetan azpimarratu nahi dugu SORTUren borroka nagusia erabakitzeko eskubidea gauzatzea izango dela, euskal estatua sortzeko xedez, hori baita gure azken helburua; euskal herritarren gehiengoak bere egin beharko duten erronka errealitate bilakatu aldera. Azpimarragarria eta txalotzekoa da azken urteotan norabide horretan egin den bidea; bereziki herri ekimenaren eremutik, eta lan hori guztia bultzatzen eta babesten jarraituko du SORTUk.

Erabakitzeko eskubidea herritarren borondate demokratikoan oinarritzen da. Euskal herritarrak politikoki helduak gara eta prest gaude gure erabakiak hartzeko, gure etorkizunaren protagonistak izateko. Ezin zaio mugarik jarri herritarren borondateari ez hemen ez Catalunyan. Euskal herritarren borondatea geraraziko duen artikulurik ez dago espainiar konstituzioan, ez 155a ez besterik ere.

Dena erabaki nahi dugu; erabakitzeko eskubidea alorrez alor landu nahi dugu, ekonomian, kulturan, hezkuntzan, guztia erabaki nahi eta behar dugu. Eta Euskal Bidea den horretan Euskal Estatuaren zutoinak eraikitzera goaz, horretarako prest dauden guztiekin, herri bezala jokatuz.

Horretarako guztirako SORTU eraginkorra eta Ezker Abertzale are eta zabal, sendo eta kohesionatuagoa behar dugu. Hamarkadetako borrokak kontuan hartuta eta hurrengo hilabeteetan eta urteetan datozen erronkei aurre egiteko bere eraginkortasun guztia zabalduko duen Ezker Abertzale batu eta tinkoa behar dugu. Denok, nork bere alorretik, bat egiteko unea da, 78. urtean lotuta utzi zituzten korapilo guztiak behingoz askatzeko aukera badaukagulako. Horixe dugu erronka nagusietako bat, eta helburu horri begira jardungo dugu lanean gaur eta bihar SORTUren Kontseilu Nazionalak burutuko duen bi eguneko ez-ohiko bilkura/mintegian. Honen guztiaren inguruko azterketa egingo dugu eta horren emaitzak abuztuaren bukaeran, 28-29an gure oinarri militantearekin burutuko ditugun udako ikastaroetan konpartituko ditugu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.