Ohar honen bidez, azken egunotan Gobernu espainiarrak EAEn duen ordezkariak bultzaturiko ekitaldi debekuak salatu nahi ditu Sortuk.
Euskal Herrian herriz herri ospatzen diren jaiak beti izan dira festa eta aldarrikapena uztartzeko gune. Azken garaiotan ordea, debeku, mehatxu eta jazarpenek baldintzatu dituzte hainbat jai herrikoi. Jazarpen horien bultzatzaile nagusi da Carlos Urquijo Gobernu Ordezkaria.
Urquijoren bidez Euskal Herriko bizitza politiko eta sozialean eragiten saiatzen da PP, hain zuzen ere, hautestontzietan lortzen ez duena. PPren proiektu politikoaren inposiziorako tresna baino ez da Gobernu Ordezkariaren figura eta horrela izanik, kargu insituzional horrek desagertu beharko luke.
Era berean, oso larria deritzo Sortuk Donostia zein Bilboko Entzutegietako hainbat epailek Urquikoren jarrera inkisitorialarekin bat egin izana. Irizpide eta logika juridikoak alboratu eta PPren estrategiari men egin diote epaile horiek.
Azkenik, PPren debeku eta jazarpen estrategiari aurre egiteko modurik eraginkorrena euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko dinamika eta mobilizazioa indartzea dela deritzo Sortuk, horretarako aukera egokia izanik ostiral honetan Bilbon gaixorik diren euskal preso politikoen askatasunaren aldeko manifestazioa.
