ALBISTEAK

Sortu udako eskolak estrategia independentistaz hausnartzeko baliatzen ari da, independentzia helburu duen estrategia indarberritzeko, eraginkortzeko eta bizkortzeko asmoz.

Ezker Abertzaleak bere estrategia independentista gaur egun espainiar estatua bizitzen ari den egoera politikora egokitzen asmatu behar du, batez ere Kataluniako prozesu independentistak sortu duen egoeran.

Horren arabera egiaztapen zehatza egin behar dugu: PP eta PSOE, Estatuko alderdi politiko nagusiek dagoeneko alderdi politiko gisa jokatzeari utzi diote, estatu aparatu gisa jokatzeko. Bakarrik horrela uler ditzakegu batzuk eta besteek, Raxoik eta Felipe Gonzalezek, Kataluniako prozesuaren aurka egindako mehatxuak.

Eta Euskal Herrian ederki asko ezagutzen dugu batzuk eta besteek nola aurre egiten diete arazo politikoei. Zein da Raxoiren asmoa? Katalunia oso legez kanpo uztea? Eta Felipe Gonzalezena? Euskal Herrian egindakoa Katalunian errepikatzea?

Espainiar Estatutik alde egitea higiene demokratiko kontua da. Horregatik ez dago PP edo PSOErekin akordio politikorik egiterik, akordio politiko horiek ez baldin badira egiten Euskal Herrian independentismoari eusteko harresi gisa, noski.

Eta esan dudanagatik ere premiazkoa da estrategia independentista lehenbailehen egokitzea eta bizkortzea. Gaur egun Euskal Herria Kataluniari begira dago, baina ezin gaitezke hara beha besoak antxumatuta. Kataluniarrek beraien etorkizun politikoa askatasunean erabaki dezaten Euskal Herrian ere eskubide horren defentsa demokratikoa antolatzea beharrezkoa da, baina kataluniarren askatasunaren alde egin dezakegun ekarpenik handiena Euskal Herrian prozesu eratzailea abian jartzea da. Gure etorkizuna askatasunean erabakitzeko bidea eginez Kataluniaren askatasunari ere ateak irekiko dizkiogulako.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.