ALBISTEAK

Gaur El Correo egunkariak Sorturen baitako ustezko disidentzietaz hitz egiten duen informazio bat argitaratu du. Informazio horrek, artikuluak zehatz-mehatz jasotzen duenez, Estatuaren Segurtasun Indarretan dauka iturburu.

Lehenik eta behin esan nahiko genuke salagarria dela erabat poliziak legala den alderdi politiko baten jarduera zelatatzea; eta salagarria da ere komunikazio talde batek eta bere komunikabide batek -Vocento eta El Correo kasu honetan- laguntza ematea toxikazio jolas horietarako.

Argitaratutako informazioari dagokionez, erabat gezurtatu nahi dugu, osotasunean. Orain dela bost urte izan ziren pertsona batzuk bat egin ez zutenak Ezker Abertzalearen estrategia politiko berriarekin eta Zutik Euskal Herria ponentziaren edukietatik aldendu zirenak. Hoietako batzuk posizio horretan jarraitzen dute; oinarrian ez daude ados Ezker Abertzaleak martxan jarritako bidearekin eta ez datoz bat gure oinarri sozial eta militanteak 2010ean gehiengo erabatekoaz bide eman zionarekin.

Hortik aurrera, pertsona horiek iritziz eta praktikan Ezker Abertzaletik kanpo daude orain dela bost urtetik, eta ez daukate inongo harreman organikorik ez bestelakorik Sorturekin. Beraz, zaila da benetan gaurko Ezker Abertzalean omen litzatekeen inongo disidentziataz hitz egitea pertsona horiek Ezker Abertzaletik kanpo geratzea erabaki zutenean orain dela bost urte.

Azpimarratu nahi dugu pertsona horiek direla beren jarrera eta ekintzen erantzule; eta horiek ez dira inondik ere Ezker Abertzalearenak. Berriro diogu, beraiek dira eta ez beste inor beren iritzi eta egitekoen erantzule, inondik ere ez Sortu; beraiek ez dira Ezker Abertzalearen partaide, hori agerikoa da, beraiek dira Ezker Abertzalearekin distantzia handiak markatzen aritzen diren lehenak.

Ez gara sartuko beraien posizioak baloratzera, ez gaurkoan behintzat. Bakar-bakarrik argi utzi nahi dugu zeintzuk diren -agian hobe nortzuk ez diren-, eta modu berean argitu ez dutela zerikusirik ez Sortu edota Ezker Abertzalearekin ezta gure estrategia politiko edota gatazka politikoaren konponbiderako gure jarduerarekin.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.