ALBISTEAK

Larunbat honetan, urriak 24, Bilbon ospatuko den Alternatiben Herrian parte hartzeko gonbita egin nahi dugula probestuz, gaiarekin lotuta, azken urteotan geure jarduera politikotik ateratako irakaspen bat azpimarratu nahi genuke: egoeraren irakurketa zorrotz bat egin gabe, nekez jakingo dugu egin behar duguna zer den eta nola egin behar dugun. Askotan, ez ditugu egungo jendartearen klabeak behar bezala interpretatzen, neoliberalismoak geurean eginiko kalte objektibo zein subjektiboetan erreparatzen, edota herrigintzaren eta instituzioen arteko harremana modu lineal eta hertsiegian ulertzen dugu.

Askotan gertatu izan zaigu ibilbide labur batekin epe motzeko emaitzak lortzea espero izatea; larunbateko ekimena, aldiz, guztiz kontrakoa den logika baten baitan kokatzen dugu: behetik gora eraikitzearen logika, denbora eskaintzearen logika, "zer" delakoaren parean "nola" jartzen duenaren logika. Azken finean, horixe da herrigintzaren dinamika: konfiantzak ehunduz su txikian sukaldatutako prozesuak abiatzea. Horrelako dinamikek, gainera, bestelako herri mugimenduak ezagutzeko, lan estilo berrietan sakontzeko eta adostasunak bilatzen ikasteko aukera paregabea eskaintzen dute.

Horixe izan daiteke Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin egin den ibilbidea: aurreko urteetan eginiko barne-lan eskerga Alternatiben Herri zabal eta anitzaren ernamuina izan da. Prozesu hori guztia gutako gehienok ez dugu bizi izan, eta kanpora begira nolabaiteko proiekzioa izan badu ere (hor dugu pasa den ikasturteko manifestazio jendetsua), lan gehiena barne lanari eskaini diotela esan genezake; azken finean, desberdinen arteko eraketak, desberdinen arteko aliantzek denbora asko eskatzen baitute, konfiantza-zubiak eraikitzeak pazientzia dosi handiak ez ezik, helburu amankomun baten alde elkarrekin lan eginez jositako hilabete eta urteak behar baititu.

Alternatiben eraikuntzan gainera, herri-mugimenduak ez ezik, arlo politikoan ere urrats positiboak eman dira, instituzioetan zein herrigintzaren logikatik bultzatuta zenbaitetan eragileekin konplizitate-sareak ehunduz. Hor ditugu, besteak beste, EHBilduren Energia Burujabetza oinarri Energia Konpromisoa, Tokiko Garapeneko adibideak Sakanatik Arratiaraino edota Oñati eta Eskoriatzako txanponak, Pasaia eta Agoizko publifikazio-prozesuak, mugikortasunari lotutako Donostiako bidegorri-sareak, eta abar luze bat.

Horri guztiari lotuta, urriaren 24an, Bilboko Areatza eta alde zaharra alternatibez jositako herri txiki bihurtzeko deialdia jaso dugu, bere azoka, hitzaldi, mahai inguru, tailer, emanaldi, antzerki, musika, janari eta edariekin, honako auzoetan banatuta:

  • Gure Gaia auzoan energia-burujabetza, klima-aldaketa, hondakinak, mugikortasuna, kontsumoa... gaiak landuko ditugu.
  • AuzoEKOnomian finantzak, tokiko txanponak, ekonomia sozial eraldatzailea, aberastasunaren banaketa edota jarduera produktibo eta erreproduktiboaren inguruko alternatibak eta eztabaidak izango ditugu.
  • Demokrazia, burujabetza eta parte-hartzearen auzoan, eredu ekonomiko, sozial, kultural eta politikoa erabakitzeko eskubidea, parte hartze soziopolitikoa, prozesuak, herrien arteko elkartasuna... izango ditugu hizpide.
  • Bizitza duina eta anitzaren auzoan, jatorria, identitatea, sexu, funtzionalitatearen inguruko aniztasunaren kudeaketa, bizitzaren iraunkortasuna... gaiak landuko ditugu.
  • Arragoa auzoan: hizkuntza, hezkuntza eta kultura izango ditugu auzoaren ardatz nagusi.

Ekimena, zinez interesgarria izateaz gain, askapen nazional eta sozialaren prozesuan bete-betean txertatzen dela ulertu behar dugu, alor ezberdinetakoak izan daitezkeen gaiak lantzearekin batera, herri-boterearen artikulaziorako funtsezkoak diren zubiak eraikitzen ari baikara kapitalismoaren menpe dagoen Europar Batasunaren eta Espainia zein Frantziako estatuen inperialismoaren erasoaldiari aurre egiteaz gain, alternatiben eraikuntza-prozesuari bultzada handia emango baitiogu. Beraz, fase politiko honetako helburu nagusiak "burujabetzaren beharra orokortzea eta eraikuntza eta eraldaketari ekitea" badira, dinamika honekin, arloz arlo eta eremuz eremu bete betean asmatzeko aukera dugu. Aldebakartasunez, konpromisoak eta erabakiak hartuz, burujabetza egitateen bidetik eskuratzeko bidean geltoki esanguratsua dugu Alternatiben Herria.

Soilik alternatibak dituen Herriak eskura ditzake helburu handiak!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.