SORTUren bozeramaile den Pernando Barrenaren adierazpenak:
Gure herria ez dago geldi, eta horren adibide izango da datorren larunbata: Udalbiltzak ibilbide berriari ekingo dio Donostian burutuko duen batzarraren bidez; ezker abertzaleko gazteek burutu duen ZukGua eztabaida prozesuaren emaitza eta ondorio den gazte erakunde berria aurkeztuko da Lizarran eta bestetik, Wert hezkuntza ministro espainiarraren erreforma atzerakoi eta zentralistari erantzun anitz eta zabala emango zaio Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Errealitate honek talka egiten du PPren gobernuak mantentzen duen blokeo eta boikot jarrerarekin. Euskal Herrian irekiriko agertoki berriari eta gatazka politikoa behin betiko konpontzeko aukeraren aurrean salbuespenezko politikari eusten dio Rajoy eta Basagoitiren Alderdi Popularrak, euskal herritarren bake, justizia eta konponbide nahiei indarkeriaren bidez aurre eginaz.
PPren salbuespenezko politika horren oinarriak dira espetxe politika kriminala eta jarduera politikoen aurkako jazarpen polizial eta judiziala. Egoera berri honi aurre egiteko salbuespenezko politikaren aplikazioaren adibide ditugu 2009ko urrian atxiloturiko Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta.
Horrela bada, bakearen etsaiek darabilten salbuespenezko politikaren aurkako hitzordu bat ere bada larunbatean; "Euskal Herriak politika egiteko eskubidea. 5ak askatu" lelopean Logroñoko espetxera burutuko den martxa.
SORTU Logroñon izango da, Arnaldo, Rafa, Sonia, Arkaitz eta Miren-en askatasuna exijitzeko, bai eta salbuespenezko politikak bertan behera uzteko, espetxe politika kriminala zein jazarpen polizial eta judizialak behingoz amaitzeko exijituz.
Azkenik, deia luzatzen diegu herritarrei Logroñoko espetxe aurrean burutuko den mobilizazioan parte har dezaten.
SORTU,
2013ko otsailak 28
