ALBISTEAK

Beste gehin, euskal jendarteak harrituta ikusten du "karikatura" den Carlos Urquijo pertsonaia honen jokaera; metropoliaren ordezkari kaskar gisa aritzen dena euskal lurraldean. Bere denbora guztia eta jardun guztia ekimen politiko legitimoak jazartzeari eta kriminalizatzeari baino ez dio ematen.

Datorren martxoaren 1ean Arnaldo Otegik Logroñoko espetxea atzean utziko du, sei urte t'erdiren ondoren. Bere "krimen" lazgarriena garai berri baterako oinarriak ezartzea izan da eta ezker abertzalearen izenean lanean aritzea. Arnaldo Otegi sei urte luzez egon da espetxean egun erabat legala den eremu politiko eta soziala antolatzeagatik, bere garaian Epaitegi Konstituzionalak berak ere baldintza hori ezarri zuelarik.

Bere etxeratzearekin sei urte luzetako bidegabekeriari eta jazarpen politikoari amaiera ematen zaio. Horrela ulertu dute milaka euskal herritarrek eta baita munduko hainbat eta hainbat lagunek, Arnaldo Otegiren kaleratzea eskatzen zuen ohia bazter guztietatik entzun baita.

Arnaldo Otegiren kaleratzea izugarrizko albiste ona da herri honentzat; etxera bueltatzen delako bere familia, lagun eta kideekin, eta noski bere askatasunarekin Euskal Herriak balio handiko gizona berreskuratzen duelako bere askapen nazional eta sozialerako.

Hau da Carlos Urquijok eta usteldutako dagoen PP alderdiak onartu ezin dutena; alegia, Arnaldo Otegi etxera burua tente bueltatzea eta aldiz PP alderdiak gero eta eragin gutxiago izatea Euskal Herrian. PP alderdiak gero eta eragin gutxiago du gure herrian, ez bada ustelkeriak kasuengatik, egun bat joan ea bestea etorri kasu berriak kaleratzen baitira.

Martxoak 1erako Elgoibar-en eta martxoak 5erako Donostian deitu diren ekitaldiak debekatzeko ahalegin hauek guztiak, erantzun jendetsua eskatzen dute.
Horregatik Sortuk dei egiten die, bere garaian Arnaldo Otegiren espetxeratze bidegabea salatu zuten guztiei; irtenbide prozesuak euskal preso politiko guztien etxeratzea behar duela sinesten duten guztiei eta noski euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde dauden guztiei Elgoibarko eta Donostiako hitzorduetara hurbiltzeko. Elgoibarko plazara eta Donostiako Belodromora itzuliko gara inork ezingo duela herri honen eskubideen eta bakearen aldeko borondatea oztopatu ozen oihukatzera.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.