Arnaldo Otegiren askatasuna ospatzeko ekitaldiak muga guztiak gaindituko ditu. Jendetza espero da gaur arratsaldean Donostiako Anoetako Belodromoan antolaturiko ekimenean.
Irrifarre kolektiboa irudikatu nahi duen ekitaldiak atxikimendu ugari jaso ditu. Horretan ere mugak aise gainditu dira. Mundu zabaletik sostengu mezuak iritsi dira, eta horietatik batzuk entzuteko aukera izango dute Belodromora hurbilduko diren herritarrek.
Hala nola, Sinn Féin-eko presidentea den, Gerry Adamsen, Hego Afrikako presidente ohia eta ANCko kidearen Kgalema Motlantek edo-eta Jose Manuel Zelaya Honduraseko presidente ohiaren hitzak entzungo dira Donostiako ekitaldian. Baita Otegiren askatasuna ospatzeko Cuauhtémoc Cárdenas Mexikoko presidentetzarako hautagai ohia eta Mexiko D.Fko alkate izandakoaren hitzak ere.
"Free Otegi-Free them all" kanpainak itzal handia lortu du mundu zabalean eta aipaturiko agur horiekin asko dira zorion mezuak bidali dituzten erakunde zein pertsonalitateak. Horiek guztiak zerrendatzeak luze joko luke, baina horietako batzuk zabalduko dira Anoetan. Hala nola Palestinako FDLP, Kurdistango HDP edo European Free Alliance-enak. Era berean, Basque Friendship-ak eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeak ere ongi etorria eman nahi izan diote Arnaldo Otegiri, bere askatasunak euskal konponbide prozesua bultzatzeko duen garrantzitsua nabarmenduz.
Hortaz gain, askatasuna berreskuratu bezain pronton bai Logroñon baita Elgoibarren Arnaldo Otegik aitzat hartu zituen Estatuko nazioek bereko tokia izango dute Anoetan. Asturies, Galiza, Paisos Catalans, Aragoi, Gaztela eta Andaluziatik heldutako ordezkariak izanen dira Donostian. Batzuk soilik aipatzearren, Galizatik BNG eta A Nova Irmandade Nacionalista alderdiek ordezkariak bidaliko dituzte, baita Paisos Catalans-eko CUP eta ERC erakunde politikoek ere.
