Duela hamabost egun, Carlos Urquijo-ren mehatxuek herritarren erantzun jendetsua eskatzen zuela adierazi genuen. Pasa den larunbatean 20 milatik gora herritarrek hartu zuten parte Belodromoan eta kanpoan ezarritako karpa berezian Arnaldo Otegiren aldeko ekitaldian.
Hortaz, Belodromoko ekitaldiaren ondotik efektu berri bat sortu da: Arnaldo Otegi efektua.
Efektu honek, mundu mailako komunikabide nagusienetako azaletan agertzeaz gain, klase politiko eta mediatikoan izugarrizko urduritasuna sortu du.
Elite politikoa urduri jarri da, izan ere, Arnaldo kaleratu denetik bost egun soilik pasa badira ere, fair play-a berehalakoan alboratu dute eta Arnaldok jendarteko sektore zabalenetan irabazita duen lidergoa zikintzeko lehian sartu dira burubelarri.
Nola? Arnaldo Otegi iraganeko gizona dela esanez. Baina oraintxe esaten diegu estrategia horrek porrot egingo duela.
Baten bati ahaztu bazaio ere, Arnado Otegik sei urte t'erdi luze igaro ditu espetxean Euskal Herrian eszenatoki berri bat bilatzeagatik eta ez gara hori esateaz aspertuko, batzuk eta besteek hori nahi badute ere. Eta Arnaldoren irteerak eta bere figurak horixe adierazten du, alegia, herri duin batek behar duen guztia.
Etorkizun horren beldur direnak, iraganean kokatu nahi gaituzte, inori interesatzen ez zaizikon hika-mika faltsuak erabiliz, hartara, etengabe iraganaz hitzeginez etorkizuna lapurtu ahal izateko.
Eztabaida ideien eta proiektuen talkan kokatu du Arnaldok eta pozten gara, izan ere, herri honentzat eskaintzarik ez dutenek ihes egiten baitiote ideien eztabaida horri. Bereziki, legealdi amaitzear duen eta gaurdanik ezer saltzeko ez duen Urkulluri, izan ere, bere bakegintza balantzea hutsaren hurrengoa baita, Arnaldo Otegi-rena ez bezala.
Erabat lotsagarria iruditu zaigu Urkullu jaunak hartu eta erakutsi duen jarrera, alde batetik, telebista publikoan Arnaldoren irteerak sortu duen ilusioa bere elkarrizketekin kontraprogramatuz.
Euskal jendartearen gehiengoa Arnaldoren irteeraz poztu denean, Urkullu haserre dirudi.
Eta zera esan nahi diogu, ongi ikusten dugula biktimetaz hitzegitea, justiziazkoa iruditzen zaigula, baina guztietaz oroitzen bada. Eta atzokoan Rafa Diez-etaz oroit zitekeen, Michelin-go langile ohi gisa eta El Dueso-ko espetxean preso politika egiteagatik, baina ez zuen egin. Zure isiluneak oso adierazgarriak dira Urkullu jauna. Ez dizugu onartuko biktimekin kanpaina elektoralik egitea, hori bai ez dugula onartuko.
Ez dugu Urkullu, Egibar, Atutxa... eta antzekoen ustezko superioritate moralik onartuko. PNVk eskuak garbitu zituen ezker abertzalea ilegalizazitu zutenean eta alkatetzak eta kargu instituzional guztiak bereganatu zituen inolako zilegitasunik gabe. Zuek ere biolentzia erabili duzue etekin politikoak irabazteko. PNV dispertsio politikaren arduradun nagusia da, 16 hildako eragin dituen dispertsio politikaren erantzule.
Iraganaz jarraituko dugu?
Ertzaintzaren esku eman diren tortura kasuetaz hitzegiterik nahi?
Noiz egin behar du PNVk estatuarekin batera biolentzia erabili izanaren gaineko autokritika?
Noiz aitortu behar du PNVk herri honi eragindako miña?
Nahikoa da, gu ez gaituzue engainatuko. Iraganaz hitzegin nahi duzue? Ez dugu arazorik, hor dago zuena, esan berri dizuegu. Ez dugu inolaz onartuko zuen biolentziaren erabilpenaz zeharka pasatzea eta gutxiago etorkizunerako galga izatea.
Azkenik, eskerrak berriz ere larunbatean Belodromo inguruetara hurbildu zineten 20mila lagunei. Barkamenak barrura sartzerik izan ez zenutenoi. Eskerrak ere nazioarteko ordezkaritza zabalari: ERC, JERC, CUP, Intersindical Alternativa de Cat, Andecha Astur, IzCa, BNG, A Nova, Cerna, Puyalon eta SAT.
Podemos-i buruzko galderaren erantzuna.
Arnaldoren mezua ez zen hori izan: Arnaldok ez zien esan independentistak bihurtu behar dutenik. Arnaldok hausnarketa errespeto osoz egin zuen eta esan zuen Podemosek Espainiaren demokratizazioan eragiteko prest dagoen moduan, guk ere, horretarako aukera sortuko balitz, nahiz eta ez dugun uste, prest geundekeela eragiteko.
Eta Podemos-i esan diegun gauza bakarra da, errespetu osoz, beraiek konturatzen direnean ez dela posible demokratizazioa (osatzen den hurrengo gobernua kontzentraziokoa edo egungo status-a mantentzearen aldekoa delako), orduan eta soilik orduan, beraiek ere zintzotasunez jokatzeko eta gure herrien, katalunia eta euskal herriaren prozesu demokratikoen alde eragiteko. Hori izan da planteamendua.
