ALBISTEAK

Azken urteotan Andaluziako herritar askok larruan ordaindu dute krisiari erantzuteko aitzakiaz herrialde horretan martxan jarritako doikuntza politikek sorturiko larrialdi soziala.

Gizarte eskubideen aurkako erasoak, oinarrizko zerbitzuen murrizketak, etxegabetzeak, langabezia eta prekarietatea... Egoera jasangaitza horri egunero azalaratzen diren ustelkeria kasuak gehitu dira.

Egoera horren aurrean, Andaluziako sektore herritarrek eskubideen galera larria gelditzeko antolatu eta borrokatu behar dela deliberatu zuten.

Andres Bodalok, Jaengo zinegotzia eta SAT sindikatuko buruzagia, herri sektore horiekin bat eginez, bizitza duinaren aldeko hautua egin zuen. Nekazariek pairatzen duten pobrezia eta bazterkeria salatzeko jarrera irmoa hartuz. Duintasunaren aldeko borroka horren baitan Jodar herriko kulturetxean 2012ean antolaturiko itxialdian parte hartu zuen, beste jornaleroekin batera enpleguaren defentsan.

Protesta horretan izan zen iskanbila bat tarteko, PSOEk Bodalo salatu zuen berak eta bertan ziren lekukoek betidanik gezurtatu duten alderdi horren ordezkari bati eraso izana egotzita.

Salaketa horretan oinarrituta, Andres Bodalori hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten. Atzo, sindikalista atxilotu eta kartzelan sartu zuten zigor bidegabe hori betetzeko.

Grebaren eskubidea bezala, sindikalgintza ezinbesteko tresna dela langileen eskubideak defendatzeko adierazi nahi dugu, eta horiek mugatzeko legeak bertan behera uztea eskatzen dugu. Bodalo bezala, Justizia sozialaren alde borroka egiten duten herritarren aurkako jazarpena gelditzeko ordua da!
Sortuk Bodalo eta SATen aurkako etengabeko erasoa salatu du lehenagotik ere. Oraingoan, Jaengo borrokalaria lehenbaitelen askatzea exijitu nahi dugu, bere askatasuna eskatzen duten milaka eta milaka andaluziarreei gure ahotsa gehituz. Ildo beretik, Bodaloren askatasuna aldarrikatzeko ekimenak babestuko ditugu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.