Indarkeria eta eraso sexistak ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Erailketak, jipoiak eta eraso sexualak adierazpiderik larrienak eta agerikoenak dira eta horren adibide oso larriak izan ditugu gaurkoan Gasteiz-en eta Angelun.
Indarkeria matxistak hil egiten du eta hortaz indarkeria sexistaz hitz egiten dugunean, ezinbestean kokatu behar dugu sistema heteropatriarkal oso baten baitan. Gasteizeko emakumea ez zeukanez ez zuenez erasotsailearekin harreman afektiborik ez dute indarkeri matxista bezala aitortzen. Angeluko emakumearen 11 eta 16 urteetako semeak indarkeri matxistaren ondorio zuzena pairatu dute.
Baina indarkeria sexista gainditzeko ez da nahikoa erantzun poliziala edo judiziala: ordena soziala irauli behar dugu, harreman berriaren sorkuntzan balore feministak oinarri izanik.
Emakumeon zapalkuntza-sistema agerian jarri eta berdintasunean oinarritutako sistema berri bat sortu behar dugu.
Indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina, neska-mutilak, emakumeak eta gizonak, askatasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da.
Era berean, ezinbestekoa da emakumeen boteretzea, emakumeen biktima papera bultzatu ordez. Emakumeak beraien ekintzen eta buruen jabe izateko indartu behar dira eta indarkeria egoerei aurre egin eta egoera hauek ondo kudeatzen jakin dezaten. Emakumeen eta herritarren arteko babes-sareak sortzea ere garrantzitsua da, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko. Autodefentsa feminista izan behar dugu indarkeriari aurre egiteko oinarria.
Mugimendu Feministaren ekimenak indartzea guzti honi aurre egiteko. Horretarako, mugimendu feministari aitortza politikoa ematea ezinbestekoa da.
Erakunde publikoek arazo honi erantzuteko plan integralak diseinatzea derrigorrezkoa da, prebentzio-politiketan oinarrituta. Nafar Gobernuak eta Jaurlaritzak erakunde bakoitzaren eskumenak zehaztea; indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta koordinatua bermatuko dutenak, erantzun horietan salaketa jartzeko aurre-baldintzarik eskatu gabe; eta indarkeria egoerak nozitu dituzten emakumeen boteretzea sustatuko dutenak.
Azkenik, salaketa eta mobilizazioen beharra azpimarratu nahi dugu eta zentzu horretan azken hilketa matxista hauek salatzeko Emakumeon Mundu Martxak antolatu dituen mobilizazioetan haserrea eta salaketa irmoa egiteko deia luzatu nahi du Sortuk.

