ALBISTEAK

Sorturen ustez Hasier Arraiz Sortuko lehendakariaren kontrako kausa berandu baino lehen artxibatu beharra zegoen. Adierazpen askatasunaren baitan eginiko deklarazio batzuen ondorioz irekitako diligentziek argi erakusten dute espainiar gobernuak Justizia administrazioa erabiltzen duela euskal independentismoaren kontra jotzeko.

Gogoratu behar da adierazpen hauek euskal preso politikoak defendatzen dituzten abokatuen kontra Guardia Civil-ak buruturiko operazio baten harira egin zirela. Beraz, operazio honen helburua euskal preso politikoak babes legalik gabe uztea zen. Guardia Civil-ak "Jaque Mate" izeneko operazioa jarri zuen martxan, argi erakutsiz berea ez dela euskal herritarron eskubideak bermatzea, are larriago dena operazio hauek halako izenekin bataiatuz eskubide hauek jipoitzea eta erridikulizatzea baino ez dute bilatzen.

 Zentzu honetan, eta Guardia Civil-aren logika erabiliz, Zuzenbide estatuaren oinarrizko eskubideak bortxatzeko operazio bati "Jaque Mate" izena jartzea egokia bazen, esaldi bera erabiltzea ekimen arbitrario hauek guztien amaiera eskatzeko erabat legitimoa dela iruditzen zaigu.

Beste behin, euskal independentismoaren kontra Justizia administrazioaren erabilpena salatu nahi dugu, bai hemen eta baita Catalunya-n azken egunotan ikusten ari garen bezala. Estatuak estolderia guztia erabiltzen du ideia politiko legitimoak borrokatzeko. Hau ez da berria estatu espainiarrean; estatu arrazoiaren izenean GAL sortu zuten hilketak burutzeko. Indar polizialak, segurtasun agentziak, epaile eta fiskalak erabili izan dituzte, barne ministroak berak argi esan duen bezala, ez dietelako inolako arazo politikorik sortzen, ez bada, egiten duten hori jakinera ematen.

Espainiar estatuak gatazka eszenario batean lotuta nahi gaitu eta hortaz, eszenario hori bultzatzen duten politika guztiak desaktibatzea esijitzen dugu. TSJPV eta beste instanzia judizial batzuetatik azken boladan hartu diren erabakiek norabide horretan kokatzen direla uste dugu. Salbuespen legedi guztiak bertan behera utzi behar dira, eta geratzen diren epaiketa guztiak amaitu behar dute.

Sortuk, Estatuaren estolderia ordezkatzen duen orori "Jaque Mate" ematea berresten du. Espainiari "Jaque Mate" ematea euskaldun gisa eta demokrata gisa gure betebeharra da . Horretan gaude.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.