Uztailaren 2an bide berri bati ekingo diogu Ezker Abertzalean eta Sortun, Asanblada Nazionalean. Asanblada berezia izango da: abiapuntutik Sorturen birfundaziorako ateak ireki ditugu, Ezker Abertzaleak dugun jakintza eta esperientzia zabalari bide eman nahian, abiapuntu berri bat jartzeko guztion artean.
Helburu honekin, izena emateko sistema jarri genuen martxan. Hasiera batean asmoa asanblada Iruñerrian egitea zen, zehazki Barañainen, 650 lagunentzako tokia hartuz. Baina izen ematea izaten ari den erritmoa ikusita, jada espektatibak gainditu egingo dira. Beraz, 1000 lagun inguru sartuko diren eta asanblada bat egiteko baldintza egokiak eskaintzen dituen beste espazio bat aurkitu dugu, Gasteizko Europa Jauregian.
Ipar Euskal Herriko ordezkariak
Bestetik, aurreko astean abendura bitartean Birfundaziorako Zuzendaritza Ekipoa zeintzuk osatuko duten jakinarazi zen. Ekipo hori Asanblada Nazionalean bozka bidez berretsi beharko da.
Ipar Euskal Herriko ordezkariak zein izango diren jakitea falta zen. Kizkitza Gil de San Vicente eta Eneko Aldana izango dira ekipo proposamenean gehituko diren izenak.
- Kizkitza Gil de San Vicente 1974an jaio zen. Hendaian bizi da. Ikasle eta gazte mugimenduko militante ohia. Feminista, sindikalista eta Ipar Hegoa fundazioko kidea da.
- Eneko Aldana 1989an jaio zen Ziburun. Zientzia Politikoetan lizentziatua; masterra egina du "Euskal nazionalismoa XXI mendean" gaiari jarraikiz. Gazte mugimenduan aritua.
2016ko uztailaren 24an
