ALBISTEAK

Sorturen aburuz Epaitegi Konstituzionalak Arnaldo Otegi EHBilduko lehendakarigai gisa ez aurkezteko hartu duen debeku erabakiak agerian uzten du, beste behin ere, estatu espainiarraren izaera guztiz antidemokratikoa.

Franko diktadoren hil ondorengo trantsizioa deitu zitzaion etapa hartatik 40 urte pasa direnean, Espainiak eta bere proiektua ordezkatzen duten estamentu politiko, judizial eta mediatikoek, Arnaldo Otegik lehendakari gai gisa ezin duela bere burua aurkeztu erabaki dute.

Katalunian ez dute aldaketa demokratikorik gauzatzerik nahi; ezta Euskal Herrian ere. Eta horretan enbarazu egiten dien eragile eta pertsonak erasotzeko estrategia oso batean murgilduta dago Estatua. Horrela ulertu behar da Arnaldo Otegiren kontrako epaia.

Estatutik beraz, 40 urte beranduago ez dator eskaintza demokratikorik, ez lehen, ez orain, erasoak baizik, esparru elektoralean bezala gure eguneroko bizitzari dagozkion alor guztietan, eta horiei guztiei aurre egiteko eta konfrontaziorako prestatu behar ditugu gure buruak.

Une honetan, gure lehentasuna, hauteskunde hauetan ahalik eta babes elektoral zabalena lortzea izan behar du, herritarron bizitza duina helburu izango duen burujabetzaren legegintzaldia izan dadin datorrena.

Beraz, Arnaldo Otegiren aurkako debekuaren aurrean ozen erantzutea dagokigu, lehendakari onena herria dela eta kanpo esku hartzerik gabeko bide librea egin nahi duela erakutsiz. Sortuk bere ahalegin guztia biderkatuko du datozen asteetan kalean eta herritarrekin.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.