ALBISTEAK

Datorren irailaren 23tik 25era Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistak burutuko ditugu Bilbon. Bai, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hauteskundeen datak dira, Urkullu jaunak jakitera eman aurretik hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoren artean adostutako data berak. Ostiral eta igandean lan asko izango baduzue ere, gutxienez larunbatean, irailaren 24an, bertaratzera gonbidatu nahi zaituztegu, egun osoko programa oso osorik baita baliagarria.

Topaketa Ekosozialista hauek bereziki bi arrazoirengatik dira interesgarriak Sorturen ikuspuntutik: batetik, egun ezinbestekoak zaizkigun edukiak lantzeko aukera paregabea eskaintzen digutelako eta bestetik, beste eragile sozial, sindikal eta politikoekin harremantzeko eta elkar ezagutzeko gune ezin aproposagoa delako, topaketa hauek Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin ez ezik, beste indar politiko batzuekin batera ere antolatu baititugu guk geuk, Sortuk. Lehen arrazoia formakuntzarena da, norberak eta bere proiektuak aurrera egin ahal izateko ezinbesteko erregaia; bigarrena, herri-ikuspegia praktikan bizi eta eraikitzeko motorra.

Gauzak horrela, topaketetan parte hartzeko hainbat aukera eskaintzen dizkizuegu:

Topaketetan izena ematen baduzu http://alterecosoc.org/inscription/  "Erakundea" atalean, SORTU jarri eta ez duzu diru-sarrerarik egin beharko, Sortuk egin duen diru-ekarpenarekin hainbat izen-emate jaso baititugu.

Edukiak programan eta hizlarien profiletan topatuko dituzue. Ikusiko duzuen bezala, ostiral eta igandeko saioak plenarioz osatuak daude eta larunbatean, plenarioez gain, tailerretan banatutako 4 ardatz jorratuko ditugu:

Ikusi bezala, eduki interesgarriak landu eta eztabaidatuko ditugu tailerretan, baina hizlariak ere ez dira gutxiesteko modukoak: Yayo Herrero eta Sandra Ezquerra feminismo eta ekologismoan, Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide gai produktiboak ikuspuntu ekosozialista batetik jorratzen, Gorka Bueno, Maxime Combes eta Mikel Otero energia burujabetzaz hitz egiten... Esan bezala, begiratu programa eta animatu parte hartzera, Sortu sozialista, ekologista eta feminista errealitate bihur dadin, gaurdanik eraiki behar baitugu!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.