Santi Brouard eta Josu Muguruza Ezker Abertzaleko militanteen hilketaren urteurrenean, azaroak 19, Sortuk deituta, Bilbon egingo den manifestazioaren berri eman nahi dugu
Ezker Abertzalearen baitan eginiko ekarpen humano eta politikoagatik berriro be omenduko ditugu Josu eta Santi, euren ekarpena eta borroka guretzako erreferentzia direlako.
Horregatik ere aurtengo mobilizazioaren leloa, “Izan zirelako gara. Gora Herria!”. Independentzia eta sozialismoa helburu, milaka gizon eta emakumek egin eta egiten dute euren ekarpen militantea Ezker Abertzalean. Hori da ditugun erronkei aurre egiteko tresna.
Aurtengo azaroaren 20a testuinguru berezian bizi dugu Ezker Abertzalean eta Sortun. Sorturen birfundazio prozesua aurrera doa, etengabe. Euskal Errepublika gure proiektua izanik, ezinbestekoa dugu burujabetzan aurrera egitea, eta ipar hori aintzat hartuta, elkarrekin egin beharreko bidaia dugu honako hau.
Horretarako, Santi eta Josuk defendatzen zuten bezala, herritarren eta herri-sektore anitzen bultzadaz egin behar da bidai hori. Herri gisa eraiki behar dugu edo ez dugu egingo.
Demokraziarako aukera bakarra Euskal Herrian bertan gure prozesu independentista propioa indartzea eta garatzea da, hau da Estatuarekiko haustura. Katalunian gertatzen ari dena aintzat hartuta eta orain Espainiako gobernua osatzeko izandako operazioa ikusita, argi geratzen da berriro ere Estatu espainiarraren baitan ez dago ez demokraziarako, ez justizia sozialerako inolako aukerarik.
Euskal gizarteak apustu argia egin du bakea eta erabakitzeko eskubidea defenditzen duten indarren alde eta España proiektua inposatu nahi dutenak baztertuz.
Santi eta Josuren moduan, milaka lagunek egindako ekarpen humano eta militantea dugu etorkizuneko borrokarako iparra. Horregatik, gure artean ez direnak gogoan, etorkizunari begira kokatu nahi dugu azaroaren 19ko mobilizazioa. Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Santiren kontsulta zen lekutik Alameda Rekalde eta Juan de Ajuriagerra kaleen artean.
