32 eta 27 urte betetzen dira Santi Brouard eta Josu Muguruza militante abertzaleak hil zituztenetik. Ezker Abertzalearen baitan eginiko ekarpen humano eta politikoagatik berriro be omendu nahi ditugu Josu eta Santi, euren ekarpena eta borroka guretzako erreferentzia direlako. Gora Santi! Gora Josu! Independentzia eta sozialismoa helburua izanik, hainbat izan dira eta izaten dira Santi eta Josu bezala, Ezker Abertzalean haien ekarpen militantea egiten dutenak. Hori da gure tresna garrantzitsuena, gure altxorrik preziatuena aurrean ditugun erronkei aurre egiteko.
“Izan zirelako gara, Gora Herria!” lelopean burutu dugu mobilizazio hau. Honetaz, bi aipamen Santi eta Josuren ekarpen pertsonala eta militanteari dagokionean.
Horretarako, Santi eta Josuk defendatzen zuten bezala, herritarren eta herri-sektore anitzen bultzadaz egin behar da justizia sozialean oinarritutako prozesu soberanista.. Herri gisa eraiki behar dugu edo ez dugu egingo. Gora herria!. Demokraziarako aukera bakarra Euskal Herrian bertan gure prozesu independentista propioa indartzea eta garatzea da, hau da Estatuarekiko haustura. Estatu espainiarraren baitan ez dago ez demokraziarako, ez justizia sozialerako inolako aukerarik. Herri gisa, gure bidea egin beharra daukagu. Eta ari gara horretan.
Gu Bilboko kaleetan atera garen baino pixkat lehenago, Baionan Ibon Fernandez Iradi eta gainontzeko gaixo larriak dituzten presoen askatasuna exigitzeko “Gu gira giltza” lelopean manifestazioa burutu da. Nahikoa da! Alarma gorria eten egin behar dugu! Mendekua, gorrotoa eta ankerkeria betikotzen duen estrategia bukatu behar da behingoz! Berandu baino lehen aterako ditugu.
Ildo beretik, abenduan abian jarriko den “Kalera, Kalera!” dinamika eta Sarek urriaren 14an deituriko manifestazio nazionalarekin bat egiten dugu; prozesu independentistan hartuko dute parte presoek, kartzelak hustutzeko garaia da. Euskal Herria ukatzen duen Estatu espainiarra bera da, Altsasun egindako razzia frankista burutu duena. Horren ondorioz espetxeratuak izan diren guztien berehalako kaleratzea eskatzen dugu eta bidez batez desmilitarizazioaren aldeko mugimendua kriminalizatzeko asmoz zabaldu den sumarioaren itxiera exigitzen dugu.
Atzo hemen, Bilbon bertan, eta gaur Gernikan eta beste hainbat tokietan, “Utzi Euskal Herria bakean” lelopean manifestazioak burutuko dira, Iritsi da aski esateko ordua eta horregatik harremanak burutuko ditugu egunotan, horrela iragarri dugu, eragiletza ezberdinarekin erantzun zabal, bateratu eta indartsua emateko datozen eraso guztiei.
Gatazka politikoari irtenbidea eman nahian jardun zirelako Santi eta Josu hil zituzten eta oraindik ere, Espainiar estatua, herri hau bakearen eta konponbidearen alde egiten ari den apustua lehertu nahian dabil eta eraso iraunkor batean murgilduta dago konponbide justu eta iraunkorra ezinezkoa egin asmoz.
Baina argi izan dezaten, euskal gizarteak apustu argia egin du bakea eta erabakitzeko eskubidea defenditzen duten indarren alde, España proiektua inposatu nahi dutenak baztertuz. Santi eta Josuren moduan, milaka lagunek egindako ekarpen humano eta militantea dugu etorkizuneko borrokarako iparra. Horregatik, gure artean ez direnak gogoan, etorkizunari begira jarri behar gara denok.
