ALBISTEAK

Azaroaren 26an gaueko 23:59an amaitu zen Ponentziak eta Zuzendaritza Ekipoak bozkatzeko epea. Ordu horretan akreditazioa 6424 pertsonak zuten osatuta. Zohardia Ponentzia 4588 akreditatuk bozkatu dute. Parte hartzea beraz, %71,4koa izan da.

Emakumeen parte hartzeari dagokionez, 2521 emakume zeuden erregistroa amaituta Azaroaren 26an gaueko 23:59an. Zentsoaren %39,2a. Botoa 1766 emakumek eman zuten (%70).

Bozketa prozedura honakoa izan da. Lehenik Zohardia Ponentzia BAI, EZ edo ZURI bozkatu behar izan da. Ondoren, Zohardia Ponentziari baiezko botoa eman diotenek Zuzendaritza Ekipo nazionala bozkatu ahal izan dute BAI, EZ edo ZURI eta azkenik Zohardia Ponentziari baiezkoa eman diotenek zegokion Herrialdeko Ekipoa bozkatu behar izan du BAI, EZ edo ZURI.

Beraz, Zohardia Ponentziari ezezko botoa edo boto zuria eman diotenek ezin izan dituzte Zuzendaritza Ekipoak bozkatu, ekipo hauek Zohardia Ponentziari atxikita aurkeztu direlako. Emaitzak honakoak izan dira:

  • Zohardia Ponentzia Euskal Herri osoan 4588 pertsonak bozkatu dute:
    4182 aldeko boto, 150 aurka eta 256 zuri.
  • Zuzendaritza Ekipoen kasuan zentsoa 4182 pertsonakoa izan da, horiek
    izan baitira Zohardia Ponentziari baiezkoa eman diotenak.
  • Zuzendarika Ekipo Nazionala Euskal Herri osoan 4143 lagunek bozkatu
    dute. 3938 aldeko boto, 62 kontra eta 143 zuri.
  • Herrialdeetako Zuzendaritza Ekipoak Euskal Herri osoan 4090 pertsonak
    bozkatu dituzte. 3737 boto alde, 116 kontra eta 237 zuri.

Herrialdeetako Ekipoak herrialdeka bozkatu dira eta honakoak dira emaitzak:

Bizkaiako Ekipoak 1471 boto jaso ditu 1500 pertsonako zentsotik (Zohardiaren alde bozkatu dutenak). 1294 pertsonak babestu dute Bizkaiko Ekipoa, 71ak bozkatu dute kontra eta 106k zuri.


Gipuzkoako Ekipoak 1423 boto jaso ditu 1462 pertsonako zentsotik. 1423k bozkatu dute alde, 27k kontra eta 75ek zuri.


Arabako Ekipoak 380 boto jaso ditu 385 pertsonako zentsotik. 340 alde, 11 kontra eta 29 zuri.


Nafarroako Ekipoak 737 boto jaso ditu 755 pertsonako zentsotik. 706 alde, 6 kontra eta 25 zuri.


Azkenik, Ipar Euskal Herriko Ekipoak 79 boto jaso ditu 97 pertsonako zentsotik. 76 pertsonak Ekipoaren alde bozkatu dute, 1ek kontra eta 2k zuri.


Akreditazioen eta parte hartzearen balorazio ona

Sortuk jakinarazi duenez, parte hartzearen balorazio ona egin du. Nabarmendu du prozedura eta metodologia berria eta berritzailea izan dela, lehen aldiz batzarrean bozkatzeaz gain, internet bidez ere bozkatzeko aukera egon baita. Horrez gain, lehen aldiz, parte hartu nahi izan duenak aurrez akreditatu egin behar izan du.

Akreditazioei dagokienez, Sortuk herriz herri jendeak izena emateko egin den ahalegina nabarmendu nahi izan du. Horretarako pertsonen zerrendak osatu eta banan banan egon baitira milaka lagunekin. Kongresuaren lehen fase honetan 6000 lagunetik gorak izena eman izana nabarmendu du Sortuk.

Dagoeneko 6850 lagunek eman dute izena eta urtarrilaren 21era bitartean izena emateko epeak zabalik dirauela gogora arazi du.

Parte hartzeari dagokionez, %70,4ko parte hartzea oso positibotzat hartu du, jakinik inskripzio bidezko antzeko bozketa sistemetan sarri %50era ez dela iristen boto emititu kopurua. Are nabarmentzekoagotzat jo du halako parte hartze kopuru zabala, halako sistema batekin bozkatzen den lehen aldia izanda. Izan ere, Sorturen arabera jende helduaren artean batez ere, parte hartu ez duen jende askok ez du botoa eman pentsatuz akreditatzearekin nahikoa zela. Bada bestetik, dokumentuak irakurtzeko astirik izan ez eta botoa eman nahi izan ez duenik ere, abstentzioaren arrazoien artean.

Emakumeen izen ematea oso kontuan izan den elementua izan da Sortuk nabarmendu duenez. Harremanen zerrendetan bereziki sustatu da emakumeen parte hartzea eta positiboki baloratu du akreditatuen %39,2 emakumeak izatea, orain arte herenaren bueltan egon izan baita parte hartzea. Hala ere, hemendik aurrera ahalegina biderkatu behar dela adierazi du, emakumeen parte hartzea are handiagoa izan dadin.

Azkenik, presoen akreditazioei dagokienez, zailtasunak zailtasun, egin den ahalegina nabarmendu du Sortuk. Hiru asteko Barne Hauteskunde epea motz geratu dela adierazi du Sortuk baina 147 presok eman dute izena orain arte Sorturen Birfundazio prozesuan. Urtarrilaren 21eko Kongresura bitartean presoen akreditazioekin jarraituko dela eta parte hartzeko bideak eskaintzen jarraituko duela adierazi du.

Emendakin partzialak eta Zerrenda irekiak

Behin Zohardia Ponentzia ofizial eginda, emendakin partzialak egiteko fasea ireki da. Abenduaren 10a bitarte atalei zein parrafoei emendakinak egin ahal izango dizkiete akreditatzen diren pertsona orok.

Bestetik, Zuzendaritza Ekipoekin Kontseilu Nazionalaren zati bat hautatu da baina beste zati handi bat geratzen da hautatzeko. Abenduren 10a bitartean akreditatzen den pertsona orok bere burua aurkezteko edo beste norbait zuzendaritzarako proposatzeko aukera duela gogora arazi du Sortuk. Baterako zein besterako, nahikoa da www.partehartu.sortu.eus aplikazioan sartzea.

Azkenik, herriz herriko parte hartze eta bozketak ere ikusgai daude nahi duenarentzat partehartu.sortu.eus aplikazioko Estatistikak atalean.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.