Gutun hau helarazi die Zuzendaritza Ekipo Nazionalak emendakinak egin dituzten 84 kideei, horien gainean ze kudeaketa egin den azalduz eta kexaren bat balute, nora jo dezaketen azalduz.
Astelehenean irekiko da emendakin partzialen bozketa epea.
Kaixo lagun,
Zohardia ponentziari emendakina(k) egin di(zki)ozu eta gutun honen bidez zurekin harremanetan jartzen gara honakoa adierazteko:
918 emendakin jaso ditu Zohardia ponentziak. Asko dira eta informazio guzti honen kudeaketan ari gara asteotan. Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizugu eztabaida prozesuari egin diozun ekarpenagatik.
Datorren larunbatean, urtarrilak 7, 09:00etan, informe bat jasoko duzu e-postaz. Informe horretan egin dituzun emendakin bakoitzari zuzendaritza ekipoak eman dion erantzuna adieraziko da. Bi erantzun mota jaso ahalko ditu emendakin batek: onartua, ez onartua. Ez onartua den kasuan ekipoak emendakin hori bozkagai jartzea erabaki lezake edota bozkagai ez jartzea. Azken aukera honen alde egiteko arrazoi ezberdinak egon daitezke: emendakinak ez dio testu orijinalaren edukiari funtsezko ezer gehitzen ez kentzen, forma arazoak tarteko emendakina ez da ontzat ematen (kasuistika ugari egon daiteke: ez da emendakina argudiatzen beraz ezin baloratu, iruzkin bat da eta ez emendakin bat, etab.), osoko emendakintzat jo daiteke, etab.
Urtarrilaren 7ko (larunbata) 09:00etan hasi eta urtarrilaren 8ko (igandea) 18:00ak arte aukera izango duzu zure edozein emendakinen inguruan egin den kudeaketaren gaineko desadostasuna agertzeko. Hau da, egin den kudeaketak Kongresuaren araudia errespetatzen ez duelako ustean, zure edozein emendakinen inguruan hartu den erabakia errekurritzeko. Bi aukera dituzu horretarako:
- Zuzenean Berme Batzordeari zuzentzea eta araudiak jasotzen dituen bermeak errespetatu ez direla adieraztea. Berme Batzordeak zure kasua ebatziko luke urtarrilaren 8ko 23:59 baino lehenago. Horretarako e-postaz zuzendu behar zatzaizkio Berme Batzordeari hurrengo informazioa helaraziz: zure izen-abizenak, telefono zenbakia, errekurritzen den erabakiari dagokion emendakinaren zenbakia, eta erabakia alda dadin egiten duzun argudiaketa.
- Zuzendaritza ekipoko kideei zure iritzia telefonoz helaraztea (telefono zenbaki bat jarriko da eskuragai). Adostasuna lortzen baduzue zuen artean, ekipoko kideek beharrezko zuzenketak egingo lituzkete. Adostasunik lortzen ez baduzue Berme Batzordeari zuzentzeko aukera zabalik izango duzu esandako denbora tartean.
Urtarrilaren 9an, goizean zehar, bozkatzeko epea irekiko da. Bozketara eraman diren emendakinak bozkagai jartzearekin batera, Zohardia ponentziak jaso dituen 918 emendakinak eta bakoitzari eman zaion erantzuna jasotzen dituen dokumentua ere publikatuko da.
Gogoratu beraz, larunbatean 09:00etatik aurrera zure e-posta begiratu eta zure emendakinen gainean egin den kudeaketa errebisatzeaz.
Besterik gabe, agur bero bat.
Zuzendaritza ekipo nazionala
