ALBISTEAK

Gure agurrik sentikorrena helarazi nahi dizuegu Kongresu honetan bildutakoei. Agurrik sentikorrena etorkizuneko Euskal Herria marraztuz, jendarte aske eta justu batean bizitzeko ahalegina egiten ari zaretenoi.

Militante gisa zuekin gaude, gurekin zaudete. Elkarrekin egoteko ezintasun hau gainditzeko modu eta bideak jarri dira Sorturen prozesuan zehar eta zinez eskertzen dizugu egin den ahalegina.

Laburrean aritu nahi genuke gaurkoan, hiru ideien bueltan:

Estrategia berria indarrean jarriz geroztik, gobernuen aldetik erasoa eta probokazioa baino ez dugu ezagutu: legez kanporatzeak (Herrira), atxiloketak (abokatu, bitartekari, presoon osasunaz arduratzen direnak), gezurra, txantaia, legeen erabilpen politiko eta maltzurra, diskriminazioa, gaixo dauden kideekiko sadismoa...

Hala ere, bahituta, bizi-baldintza gogorretan, deserrian eta sakabanatuta egonik ere, Kolektiboak argi ikusi du erasoen helburua: Ezker abertzaleak hartutako ildoa baldintzatu, indargabetu eta zatiketa eragitea. Honek guztiak lehen ondoriora garamatza zuzenean: gure erantzunik sendoena estrategia berrian indarrak eta ahaleginak batzea izan behar du, zuek hortik eta guk hemendik, batera. Eta horretan ari gara denbora honetan guztian, prozesuan zehar, eta etorkizunean ere.

Bigarren ideia: konponbidearen aurkako jarrera guztien gainetik, gure urrats guztiak herritarrei zuzenduak dira eta izango dira. Horrela adierazi genuen 2013ko abenduan eta bi urte beranduago eztabaidarako dokumentua plazaratu dugunean. Salaketa eta damurik ez eskatu guri; baina, era berean, eta indar osoz diogu, gure herriari egin beharreko ekarpenean ez dago inongo marra gorririk gure aldetik, errespetu izugarria nahiz ekarpen zintzoa eta eskuzabala egiteko borondatea baizik.

Izan ere, herriarenak gara eta herriarenak garelako egiten dira mobilizazio erraldoiak, Bilboko azkenekoa kasu; konferentziak, batzarrak, atxiloketen aurkako erantzunak, herritarren artean gure mezua hedatzeko eta adostasunak lortzeko ahaleginak. Egundoko balioa du alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen artean gure eskubideen defentsan lortutako adostasunak ere.

Estatuen aldetik jarrera aldaketarik eman ez arren, hori da bidea. Askotan gure egoeraren alde ilunari erreparatzen badiogu ere, urrea balio du eguneroko herritarren ahaleginak, ahalegin horrek ekarriko gaitu etxera, aterako gaitu kalera. Esan eta egin dezagun kalera kalera!!! Ba ote lelo hoberik egin behar duguna irudikatzeko!

Gure hirugarren ideia etorkizunerako betaurrekoak jantzita azalduko dugu: zorionez, duela bost urtetatik Kolektiboko kideen kopurua erdira jaitsi da, gaur egun 350 inguru garelarik. Begiak itxi eta azkeneko presoa kaleratzen deneko momentua irudikatu dezagun une batez. Egun horretara hurbiltzen ari gara egunez egun, eta asko kostako zaigun arren, milaka herritarren konpromisoaren gainean eraikitzen ari den bide horrek ziegatatik etxeraino eramango gaituela ziur gaude.

Urratsez urrats egingo dugu bidea, sakabanaketa gaindituz, preso gaixoak askatuz, baldintzapeko aukera dutenei aske izateko duten eskubidea borrokatuz … preso bakoitza eta preso guztiak bihotzean hartuta.

Bukatzeko, Kongresuaren egun honetan, gure besarkada luzatu nahi diogu aukeratu berria den zuzendaritza taldeari eta, nola ez, militante orori, Euskal Herriaren askatasunaren alde erakusten duzuen adoreagatik.

Euskal Herria bihotzean
2017ko urtarrilean
EPPK
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa
AMNISTIA! INDEPENDENTZIA!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.