ALBISTEAK

Abertzaleen Batasunak, Sortuk, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak atzo Baionan burutu genuen prentsaurrekoan bi deialdi azpimarratu nahi izan genituen: batetik, Independentista Sareak Aberri Egunari begira egindakoa eta, bestetik, bezperan Itsasun antolatu dugun ekimen berezia.

Lehenik eta behin, adierazi nahi dugu, Aberri Egunaren harira Independentista Sareak martxoaren 31ean Iruñean egingo duen ekitaldiarekin bat egiten dugula.

Pasa den urtean, data horietan bertan, etorkizunean elkarrekin lan egiteko engaiamendua sinatu genuen 4 alderdiok eta, bide horretatik jarraituz, aurtengo Aberri Egunerari begira ere, irakurketa komuna egitea erabaki dugu.

{audio}http://sortu.net/audioak/ku%C3%B1aaberriegunaitsasu.mp3{/audio}

 

Zentzu horretan, azpimarratu nahi dugu garrantzitsua iruditzen zaigula Aberri Egunerako deia "gizarte mugimenduak" egitea eta bat egiten dugula Iruñean zabalduko den aldarrikapen nagusiarekin, Euskal Herriak estatu bat izateko eskubidea duela eta eskubide hori demokratikoa dela aldarrikatzea, alegia.

Esan bezala, ordea, Aberri Egunekoa ez da aipatu nahi izan genuen deialdi bakarra. Garrantzitsuena hori bada ere, 4 alderdiok antolatuta, ekimen berezi bat egingo dugu martxoaren 30ean Itsasun.

Enbata mugimenduak 50 urte betetzen dituela gogoratzeko antolatu dugu Aberri Egunaren bezperako ekitaldia Itsasuko harrian; Enbata mugimenduak "abertzaletasun modernoaren sorrera" suposatu baitzuen Ipar Euskal Herrian. "Euskal Herria Europan" lelo nagusiarekin, ekitaldia 17:00etatik aurrera izango da eta abertzale guztiak bertara gonbidatuak dira.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.