ALBISTEAK

SORTUk bere samina agertu nahi du Martin McGuinnesen heriotza dela eta. Joan zaigu Euskal Herriaren lagun handia, historiaren norabidean eragin zuen borrokalaria. “Revolución es sentido del momento histórico” esan zuen Ernesto Che Guevarak, eta Martin McGuinnessen emari militantea beti esaldi horri lotuta egon da, bai okupazio britainarrari tinko aurre egitean zein bake akordioa lortu eta ondoko testuinguru politikoa kudeatzean. Bakea amets urruna litzateke Irlandan oraindik ere McGuinnessek eta berarekin batera beste batzuk helburu horri begira jarri izan ez balira.

Martin McGuinnessek ondo baino hobeto ezagutzen zuen euskal gatazka. Ezker Abertzalearen eta errepublikarren arteko anaitasun lotura historikoei esker gertutik jarraitu du azken hamarkadetan, bakea eta askatasuna lortzeko euskal herritarrok egindako bidea. Zentzu horretan, erabateko disponibilitatea izan du beti esku laguntzeko eskatu zaion guztietan. Horren froga, Euskal Herrian parte hartutako ekitaldi eta bilkura guztiak edota Nazioarteko Harreman Taldean egindako lana; ez aipatzeagatik saihetsetik emandako aholkularitza eta euskal prozesuaren aldeko lobbying lan etengabea.

Herrien askapenerako borroketan esperientzia aberats eta metatua gertatzen da, balio neurtezina duena. Hori guztia hegoafrikarrengandik jaso zuten errepublikarrek, eta Martin etengabe saiatu zen ezagutza-altxor hori Ezker Abertzalearen esku jartzen. Horregatik beti zorretan egongo gara berarekin.

“Zure etsaia bidaide egin behar duzu, esan zuen Mandelak bakea lortzeko, eta hori guztiz barneratuta zuen Martinek. Irlandako gatazkan berezibiko garrantzia izan du komunitateen arteko berradiskidetzea eta berak portaera eredugarria izan zuen lan horretan: urtetan etsai amorratua zuen Ian Paisley-rekin gobernuaren lidergoa konpartitzera iritsi, eta baita lagun on bilakatu zen; zentzu horretan, bere figurak burdinazko borondatea eta inspirazio ukaezina ordezkatzen ditu gatazka politikoen konponbidean aritzen garen munduko mugimendu askatzaile guztientzat.

Irlandako mugimendu errepublikarrarekin eta Martin McGuinness-ekin oso eskertuta egoteko arrazoiak baditu Ezker Abertzaleak. Herrien askapenaren aldeko mundu mailako neurria duen buruzagi irlandarraren galera dolu handiz hartzen dugu, iraultzaile handia eta lagun mina joan zaigulako.

Agur eta ohore Martin McGuinness. Zuk utzitako ondare politikoa Euskal Herrian ere bakea eta askatasuna ekarriko duen hazia izango da, dudarik ez. Eskerrik asko lagun!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.