ALBISTEAK

Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramaileak Ernaiko Kongresuan eskainitako hitzaldia:

“Ernaiko militante guztiei agurra Sorturen Kontseilu Nazionalaren izenean. Euskal Herriaren askatasunaren alde konpromituta diren gazte guztiei, gaur hemen zaudetenoi eta oraindik ere kartzelako pareten bestaldean direnei ere, besarkada anaikor bat zuentzat guztientzat.

Besarkada anaikor bat, oro har, Euskal Herriko gazte guztiei ere: prekarietatearen biktima zareten horiei, mozal legearen biktimei. Lan falta dela eta herbeste fortzatura kondetuta zaudeten horiei guztiei.

Ohore bat da gaur hemen zuen artean egon ahal izatea. Hasteko, zuen artean egoteak gaztetzen gaituelako. Hemen ilusioa arnasten da, alaitasuna, grina, konpomisoa, determinazioa. Eta horiek guztiak ezinbesteko osagaiak dira Euskal Herria askatzeko eta mundu berri bat eraikitzeko.

Zorionak eman nahi dizkizuegu, nagusiki bi arrazoigatik: lehenik, egin duzuen eztabaida mamitsuagatik. Badakigu zer den kongresu bat antolatzea; guk ere “pairatu” behar izan dugu.

Sorturen Kontseilu Nazionalaren agurra Ernaiko kideei

Eta bigarrenik, urteotan egindako lanagatik. Erakunde gaztea da Ernai. Egoera konplikatuan sortua. Erakundea egonkortzea lortu duzue, eta urte hauetan Gazte Mungienduarekin egin duzuen lana txalotzekoa da. Zorionak, beraz!

Historian zehar, gazteen ekarpena askapen borroketan ezinbestekoa izan da mundu osoan. Euskal Herrian ere bai, gazteen ekarpena ezinbestekoa izan da. Gazterik gabe ez zen egongo euskal askapen prozesurik. Gazte batzuk izan zirelako duela 60 urte borroka fase berri oso bati hasiera eman ziotenak. Gazteak izan zirelako hamarkadetako errepresioari aurre egin ziotenak. Lemoiz itxi zutenak. Soldaduzka eraitsi zutenak. Gazteak, hein handi batean, ilegalizazio aroari aurre egin ziotenak.

Eaur egungo fasean ere Euskal Herriak, askapen prozesuak, behar zaituzte. Independentzia lor dezakeen belaunaldia zarete. Fase oso bat gainditu dugu askapen prozesuan; funtsezko bataila bat irabazi dugu: Euskal Herriaren asimilazioa galarazi. 78 erregimena krisi sakonean murgildu dugu. Eta Euskal Herriaren nazio izaeraren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo bat sortu. Hori da hamarkada hauetako garaipena. Orain, ordea, gerra irabaztea falta da. Eta gerra irabaztea da aldaketa politikoa gauzatzea, estatu propio bat eraikitzea.

Zergatik estatu bat? Bien bitartean, Espainia eta Frantzia direlako gure bizitzak erabakitzen dituztenak. Estatu bat behar dugulako aldaketa ekonomiko eta sozial sakonagoak egin eta askapen prozesua bururaino eramateko. Ez dadila inor erratu; gaur eta hemen ez dago egitasmo iraultzaileagorik prozesu independentista bat baino!

Eta estatu propio bat eraikitzea da egin dezakegun ekintza internazionalistena ere. Mundu osoko langile eta herri sektoreen askapenari egin diezaiokegun ekarpenik handiena.

Eta hori pasatzen da mobilizaziotik; hori pasatzen da herri aktibaziotik; pasatzen da mugimendu independentista sendo bat eraikitzetik; pasatzen da euskal gizarteari eskaintza independentista sendo eta egingarri bat egitetik. Baina hori pasatzen da ere konfrontaziotik eta desobedientziatik! Konfrontazio eta desobedientzia baketsu eta demokratikotik, bai, baina konfrontaziotik eta desobedientziatik, azken batean! Oinetakoak aldatu ditugulako, baina bideak lehengo bera izaten jarraitzen duelako.

Bukatzeko, erreflexio/gomendio bat, Pepe Mujikari lapurtu diodana: borroka ezazue bizitza bizitzearen alde, bizitza kontzienteki bizitzearen alde, zoriontasunaren alde. Eta konprometitu zaitezte, bestelako mundu baten eraikuntzarekiko konpromisoak ematen baitu zoriontasuna. Batzuk aurkakoa sinestarazi nahi badigute ere, ezin baita supermerkatu batera joan eta ez bizitza ez zoriontasuna erosi.

Konprometitu zaitezte, bai, eta zoriontsu bizi, mundua ez baita gazteetan eta helduetan bereizten, emakumeetan eta gizonetan, beltzetan edo txurietan; mundua bereizten da konprometitzen direnen eta ez direnen artean.

Segi lanean, segi borrokan, eta, batez ere, ez ezazue sekula galdu irribarre hori!

Gora euskal gazteria!

Gora herria!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.