Lau guardia zibilen absoluzioak erakusten du torturak oraindik ere zigorgabea izaten jarraitzen duela. Epaiketan ikusi genuen Sandra Barrenetxeak nola ezagutu zituen hiru guardia zibil eta burutik kendu ezinda gabiltza haren lekukotza lazgarria.
Istambulgo Protokoloak egiaztatu zuen Sandra Barrenetxearen tortura testigantza. Erabat larria izango litzateke epaileek albo batera utzi izan balute nazioartean torturen testigantzak egiaztatzeko homologatuta dagoen metodoa.
Euskal Herrian egiaztatutako 5.657 kasuetatik bakan batzuk baino ez dituzte zigortu. Tortura sistematikoa izan da eta hamarkada luzeetan pairatu dute euskal herritar askok. Eragile gehientsuenon artean bake eta bizikidetza agertoki berri batera urratsak ematen ari garen une honetan, mingarria da torturak zigorrik gabe segitzea. Benetako bakea eta bizikidetza lortzeko tortura biktima guztien aitortza, justizia eta erreparazioari heldu beharko zaio.
SORTUk bere babesa eskaini nahi dio Sandra Barrenetxeari eta torturen biktima izan arren haien sufrimenduak oraingoz aitortza publikorik izan ez duten guztioi.
