Espainiako Erresumaren ustelkeria sistematikoa dela eta erregimena erregeneratzea ezinezkoa dela iritzita, irtenbide duin bakarra Estatuan prozesu independentistak martxan jartzea ezinbestekoa dela adierazi du Arkaitz Rodriguez SORTUko bozeramaleak. Horregatik, dei egin die herritarrei euskal Errepublika duin baten alde indarrak biltzeko. Langileok, Euskal Estatua lelopean LABek Iruñean, Baionan eta Bilbon egingo dituen Maiatzaren Leheneko manifestazioan parte hartzeko eskatu du. Horrez gain, SORTUk maiatzaren 2an Hego Euskal Herriko PPren egoitza guztien aurrean kontzentrazioak antolatu ditu lapurreta sistematikoa salatzeko.
SORTUk salatu nahi ditu egunotan ezagutzen ari garen korrupzio kasuak. Honako hauek adibide txiki bat baino ez dira, elite espainiarrek historikoki egin duten eta egun ere egitean ari diren sakeo sistematikoarena. “Guztia pribatizatzen ari diren garaiotan, etengabean murrizketak egiten ari diren garaiotan, gustatzen zaien gauza publiko bakarra diru publikoa da. Haien poltsikoak betetzeko eta Ibex 35eko laguntxoak eta banketxeak erreskatatzeko. Martxa hontan PPk egingo duen hurrengo gehiengo absolutoa Soto del Realen izango da”, adierazi du Rodriguezek.
Korrupzioa ez da alderdi batena, “estatu oso bat da korruptoa dena. 78ko erregimena da korruptoa dena”, Rodriguezen hitzetan.
Duela 40 urte elite politiko eta ekonomikoek paktu bat egin zuten haustura demokratikoa galarazi eta erregimen frankista iraunarazteko. Zerbait aldatu zuten ezer alda ez zedin. 78ko erregimenaren zutabeak bi dira: espainiaren batasuna eta kapitalismoa. Paktu horrek bi zutabe zeuzkan: Espainiaren batasuna eta kapitalismo basatia.
“Eta harrezkero elite horiek dedikatu dira inolako lotsarik gabe lapurtzera eta sakeatzera. Aurreko erregimenaren jarraipenaren adibide dugu San Jurjorekin eta Utrera Molinarekin gertatutakoa”, gogoratu du.
“Harrezkero, eta 40 urtez, hori izan da herri honen eta espainiar estatuko langile eta herri sektoreen patua: lapurreta sistematikoa, eskubideen urraketa, tortura, ukazioa...”.
Gaur, duela 40 urte bezala, haustura demokratikoa behar da. “Eta haustura hori soil soilik etor daiteke estaturik gabeko nazioetan prozesu independentistak jorratzetik. Kataluniako eta Euskal Herriko prozesu independentistak bultzatzetik etor liteke, kasuan, espainiar estatuaren demokratizazioa, ez bestela. Hemen badago aukera, Espainian ez bezala, prozesu konstituiente bat egiteko. Estatu duin bat eraikiko duena. Euskal Errepublika bat eraikitzeko”, esan du SORTUko bozeramaleak.
“Estatu duin bat behar dugu, euskal jendartea babestuko duena, langile eta herri sektoreen zerbitzura, eta ez kapital finantzieroarenera, jardungo duena. Estatu bat, lan duina sortuko duena, babes sozialerako sistema indartsu bat izango duena, eta kalitatezko demokrazia bat eraikitzea ahalbideratuko duena”, bere esanetan..
Hori guztia dela eta, SORTUk honako deialdi hauetan parte hartzeko diea egin nahi du:
-
Maiatzaren 1ean, Bilbon, Iruñean eta Baionan, LAB sindikatuaren manifestazioetan.
-
Maiatzaren 2an, 18:00etan, PPren egoitzen aurrean, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan, ustelkeria salatzeko eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
