SORTUk Antton Troitiño estraditatzeko hartutako erabakia salatzen du. Era berean, Troitiño eta preso izandako beste batzuk etengabe jazartzen dituztela ere salatu nahi du. Madril mendeku-gose ase ezina erakusten ari da, eta horretarako salbuespeneko lege ankerrak berrasmatzen ari da behin eta berriz. Espainiako erresumaren itsukeria erabatekoa da: honetako neurriek ezer gutxi laguntzen dute bake eta bizikidetza agertoki berri batera hurbiltzen. Urte gehiegiko sufrimendua bizi izan du herri honek eta berau luzatzeko borondatea zitala da erabat. Apirilaren 8ko armagabetzearen ostean, presoen kaleratzearen gaia jarri behar da mahai gainean, lehentasunez preso gaixoen gaia.
