ALBISTEAK

SORTUk elkarretaratzeak egin ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Getxon, PPren egoitzen aurrean. Espainiako Erresumako ustelkeria sistemikoa salatzeaz batera, klase langilearen alde egongo den euskal Errepublika duin baten aldeko apustua egin du Lotsa Egun honetan.

Arkaitz Rodriguez bozeramailearen esanetan, “ezin gara isilik gelditu PP alderdiaren hamaikagarren ustelkeria kasu larri honen ostean. Onartezina, eskandaluzkoa da PP egiten ari den lapurreta. Zoritxarrez, ustel kiratsa ez dario bakarrik alderdi bati, Espainiako Erresuma osoari baizik, estatu osoari. 78ko erregimeneko estamendu guztiak ustelduta daudela esatera eta salatzera etorri gara: Errege-etxean, estatuko zein autonomietako gobernuetan, finantza erakundeetan... guztietan ezagutu ditugu esku beltzak”.

“SORTUk iragarritako protestaldi honekin egonezina eta urduritasuna sumatu ditugu zenbait sektoretan. Zergatik ote? Protestatzeko bide baketsuak erabiliz, guztion ongizateari eragiten digun sakeoa salatzen ari garelako? Esanguratsua da erabat: protestaldi hau ustelkeria kasu guztiak baino eskandalugarriagoa bihurtu da batzuentzat. Ezinbestean susmoa hartzen diegu gure salaketa hain sutsuki kritikatzen dutenei badutela zer ezkutatu, bestela ezinbaita ulertu” gaineratu du Rodriguezek Gasteizen.

Iruñean, Miren Zabaleta bozeramaileak euskal Errepublika duina aldarrikatu du. “'Nazka-nazka eginda gaude. Atera zuen esku zikinak Euskal Herritik, utz gaitzazue bakean gure etorkizuna eraikitzen!'. Hori eskatzera etorri gara, jakin arren ez dituztela haien esku zikinak hemendik atera nahi. Horregatik, orain 40 urte bezala, haustura demokratikoa planteatzen ari gara. Kataluniako eta Euskal Herriko prozesu independentistak bultzatzetik baino ezin liteke etorri Espainiako Erresumaren demokratizazioa. Guk euskal Errepublika duin baten aldeko apustua egiten dugu, jendartea babestuko duena, langile eta herri sektoreen zerbitzura , eta ez finantza-kapitalen alde, ariko dena”, Zabaletaen esanetan.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.