ALBISTEAK

SORTUk bere babesik irmoena erakutsi nahi die apirilaren 17an gose greba mugagabeari ekin zioten 1.500 preso palestindarrei eta bereziki Marwan Barghouti preso palestinarrari. Horrez gain, gaur bertan jakin dugu, lehen gose-grebalarietako bat, 30 urteko Mazan al-Maghrebi, hil dela gose grebak eragindako kalteen ondorioz.

SORTUk hamarkadeetan Palestinar Herriak jasan duen jazarpena eta giza eskubideen bortxaketa iraunkorra salatu nahi du. Jazarpen horrek kartzeletan are islada lazgarriagoa izan du: 6.300 preso daude, mugarik gabeko atxiloketa administratiboak egiten jarraitzen dute eta senideak bisitarik ezin dira bisitan joan. Hori gutxi balitz, osasun asistentzia ezagatik 50 preso hil dira, torturen eraginez 50 preso hil dira, 300 haur preso daude eta ez dute ikasteko eskubiderik.

“Askatasuna eta duintasuna” goiburu duen presoen ekimen politiko bateratu honek nazioarteko elkartasuna behar du urgentziaz.

Horrekin batera, Israelgo Gobernuak muzin egiten dio nazioarteko zuzenbideari, zehazki, Genevako laugarren konbentzioari, presoak lurralde okupatuetatik at dauden espetxeetara eramaten dituztelako. Horrek euren familien mugikortasuna galarazten du, palestinarrek debekatua baitute lurralde horietatik kanpo mugitzea.

Egoera hau ozenki salatzeaz gain, SORTUk preso palestinarren eskubideen aldeko defentsarekin bat egiten du, hori baita nahitanahiezko bidea Palestina libre bat erdiesteko. Hala, euskal herritarrei dei egiten die ondorengo egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. Elkartasuna modu anitzetan ager dezagun.

 

 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.