Orain 40 urte, ataka garrantzitsu batean aurrean egon zen Euskal Herria. Urte asko zeramatzan gatazka politiko batean murgilduta. Ezker Abertzaleak fase hori ixteko beharra zegoela sinistu zuen 1977 hartan, beste fase berri batean murgildu ahal izateko. Horregatik astindu zuen sutsuki amnistiaren bandera. Euskal jendarteko sektore anitzek ulertu zuten beste fase batera igarotzeko, lehendabizi preso eta iheslari guztien etxeratzea ekarriko zuen amnistia lortu beharko zela.
Amnistiaren aldeko aldarriak itzelezko sustengua lortu zuen. Mobilizazioak eta borrokaldiak ere ez ziren nolanahikoak izan: maiatzaren 8tik 14ra bitartean Amnistiaren Aldeko Astea sekulako mobilizazio erraldoia izan zen. Estatuaren erantzuna odolezko errepresio basatia izan zen: amnistiaren alde borroka egin zuten zazpi lagun hil zituen Poliziak. Ez dugu ahaztu eta ez dugu ahaztuko.
Gizartean izandako mobilizazio olde horrek fruituak ekarri zituen. Herriak eskatu bezala amnistia gauzatu zen urrirako eta preso politiko guztiak irten kartzeletatik. Nahiz eta egun gutxiren buruan kartzelak berriz ere betetzen eta betetzen hasi ziren. Ondorengo 40 urte hauetan euskal militantez gainezka egon dira Espainiako eta Frantziako kartzelak.
Orain dela 40 urte bezala presoen eskubideak sistematikoki urratzen diren honetan, barruan daudenen eskubideak aldarrikatzera gatoz. Agertoki berri honetan, preso eta iheslari guztien etxeratzea ahalbidetuko duen prozesu bat eskatzera gatoz. Era berean, Amnistiaren Aldeko Aste hura gogora ekarriz, amnistiaren alde guztia eman zuten haiei gorazarre egingo diegu. Horretarako, Ezker Abertzalearen Kalera Kalera dinamikak hiru omenaldi ekitaldi antolatu ditugu hil zituzten lekuetan.
-
Maiatzak 12, Bilbo: Francisco Javier Nuñez Fernandezi omenaldia, Moyua plazan, goizeko 11:00etan.
-
Maiatzak 13, Orereta: Manifestazioa Kalera, kalea eta askatasuna irabazatera lelopean. Herriko Plazatik irtenda (17:30). Horrekin batera, omenaldia egingo zaie Clemente del Caño Ibañezi, Gregorio Maritxalar Aiestarani eta Rafael Gomez Jauregiri.
-
Maiatzak 14, Ortuella: Manuel Fuentes Mesari omenaldia, Kutxa aurrean (Catalina Gibaja kalean).
Ekitaldietan, ezker abertzaleko kideez gain, Sinn Feinneko eta SATeko kideek parte hartuko dute. Herritarrei dei egiten diegu parte hartzeko.
Bestalde, euskal preso politikoak urrundu zituztela 30 urte betetzen diren honetan, kartzeletara martxa antolatu dugu. Maiatzaren 20an autobusez martxa Euskal Herritik Espainiako eta Frantziako sei kartzelatara: Curtis, Fleury, Picassent, Puerto, Roanne eta Saint Maur.
Milaka lagunek milaka kilometro egingo ditugu asteburu horretan, euskal presoei gure elkartasuna erakustera, bakarrik ez daudela adieraztera, munduaren aurrean haien egoera bidegabea behingoz konpontzeko exigitzera. Izan ere, agertoki berri honetan, presoen berehalako konponbidea behar du. Preso guztiak Euskal Herrira ekarri behar ditugu, preso guztiak etxera ekarri behar ditugu.
