ALBISTEAK

1977ko maiatzean Amnistiaren Aldeko Astean Poliziak zazpi lagun hil zituen. 40 urte geroago, Francisco Javier Nuñez bilbotarra hil zuten hirian, Bilbon, omenaldi ekitaldia eta lore eskaintza egin diete azken urteotan hautetsi izan diren hogei bat lagunek. Ezker Abertzalearen KALERA KALERA dinamikak datozen egunotarako antolatutako lehen ekitaldia izan da. Ekitaldian parte hartu dutenek bihar Oreretan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute.

Orain 40 urte bezala Euskal Herriak demokrazia behar duela nabarmendu du Arantza Urkaregik. “Egun, orain dela 40 urte bezala, oinarrian, herri honen eskubideak bermatu gabe daude”. Arrazoi horregatik independentziaren alde borrokan jarraitu behar dela adierazi du.

“Eta 40 urte geroago, ozen esan dezakegu: herri honen askatasunaren aldeko indarrak bizirik mantendu ditugu, Independentziaren atea zabalik eta ezkerretik datorren aldaketa soziala herri honen gehiengoaren beharrak asetzeko proiektua da. Oinarrian, antzeko testuinguruan aurkitzen gara egun, nahiz zapaltzen gaituzten estatuen aldetik gutxi espero dezakegun, herri honen etorkizunak gure eskutan jarraitzen du”, adierazi du Urkaregik.

Josu Amantes “Txirlas” preso ohiak askatasunaren alde borrokan jarraitzeko deia egin du. “Zer motatako normalizazio politikoa, Euskal Herriaren aldeko borrokan kartzereratu eta ihes egin behar izan zutenak etxera itzuli gabe?” galdetu du. Askatasuna berreskuratzeko denon ekarpena bearrezkoa dela nabarmendu du Txirlasek. “bide honetan denon ekarpena ezinbestekoa da, ikastetxe eta lantegietatik, euskaltegi eta kultur etxeetatik, herri eta auzoetatik, baita ordezkariak diren instituzio eta kargu instituzionalengandik”, esan du.

Ernaiko Juanjo Molinerok konponbidearen aldeko aldarria egin du. “Gaur, orain dela 40 urte bezala, ezinbestekoa da irtenbide politiko zintzo eta egoki bat ematea hain sufrimendu handia ekarri duen gatazkari”, adierazi du. “Ekimen xume honen bitartez, Francisco Javier Nuñez bilbotarra gogoratu nahi izan dugun bezala, bihar larunbata, Oreretan burutuko dugun manifestazioarekin, Amnistiaren aldeko aste tragikoaren 40. Urteurrenaren oroitzapenetik, bultzada berria emango diogu euskal preso politiko guztien kaleratzeari”, esan du.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.