ALBISTEAK

Hasi zenetik ia hilabete eta erdi pasa ondoren, 1.500 preso palestinarrek egindako gose greba amaitu da. Apirilaren 17an hasi eta maiatzaren 27ra bitartean, Marwan Barghouti buru zutela, hainbat eskubideren defentsan ekin zioten gose grebalariek: presoen senideen bisitak, mediku-zaintza egokia, "atxiloketa administratiboak" (kargu edo epaiketarik gabe palestinarrak atxilotzea) bukatzea eta isolamendua amaitzea

Israelgo agintariekin negoziatu eta akordio bat lortu ondoren erabaki dute presoek gose greba bertan behera uztea. Akordio horren arabera, senideen bisitak hilabetean bitan izateko aukera izango dute. Horrez gain, beste hainbat gairi lotutako ere aurrerapausoak emango dira.

Israelek preso eta atxilotuekiko darabiltzan politika krudelak derrigortu ditu preso palestinarrak haien esku dagoen borroka molderik muturrekoena erabiltzera. SORTUk presoek erakutsitako duintasuna goraipatu ez ezik eta gose grebalariak zoriondu nahi ditu lortutako garaipenagatik, itxikeriaren eta basakeriaren aurrean duintasunaren garaipena izan baita eurena.

Garaipen garrantzitsua izan da, Israelgo agintariak negoziatzera behartu eta presoen eskubideen bermean aurrerapausoak emango direlako. Era guztietara, preso palestinarren egoerak muturrekoa izaten jarraitzen du. Horregatik SORTUk preso palestinarren eskubideen aldeko defentsan jarraitzeko deia egiten du, hori baita nahitanahiezko bidea Palestina libre bat lortzeko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.