ALBISTEAK

Mazjemen erregimenaren Poliziak Nasser Zafzafi atxilotu zuen atzo. Zafzafi, beste kide batzuekin batera, Rifeko bizilagunen mugimenduko buru izan da. Eskualde amazigh horrekiko Marokoko erregeak erregimenak erakutsitako utzikeria salatzen aritu da eta hango jendearen bizi-baldintza eskasen kontra protestatzen.

Guztira 70 lagun baino gehiago atxilotu dituzte azken egunotan, eta akusazio larriak leporatu dizkiete, zilegiak diren protestetan jardute hutsagatik.

SORTU larrituta dago atxilotuei ezar diezaieketen tratua dela eta. Sentitzen dugun kezka hazi besterik ez da egiten Casablancara kaputxaz eta esposatuta daramatela Nasser Zafzafiren irudiak ikustean.

SORTUk elkartasuna erakutsi nahi die Rifeko bizilagunei, orain ehun urte euskal abertzaletasunak Abdelkrim liderrari, espainiar boterearen aurka jarki zenean, erakutsi zion bezalaxe.

Rifeko eta Marokoko diasporak Euskal Herrian dei dezakeen protestaldietan parte hartzeko deia egiten dugu, errepresaliatuei elkartasuna erakusteko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.