Espainiako Erreinuko Auzitegi Gorenak Audientzia Nazionalaren esku utzi du Altsasuko gazteen auzia, “terrorismo” delitua egon litekeela argudiatuta.
SORTUk beste behin ere aski dela dio. Altsasuko gazteek kalean egon behar dute. Guardia Zibilak Euskal Herrian duen inpunitatea estali eta bere iragana zuritzeko xedea baizik ez dute Espainiako Auzitegiak eta agintariek.
SORTU bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustuan berresten da eta norabide horretan lanean jarraituko du euskal gizartearekin eskuz esku. Euskal Herria urrats handiak ematen ari da norabide horretan. Apirilaren 8ko desarmea puntu garrantzitsua izan zen eszenatoki politiko berrian sakontzeko.
Alta hemen batzuek ez dute inolako interesik bakearen alde lan egiteko, eta sufrimendua areagotu baizik ez dute egiten horrekin euskal gizarte osoa zigortzen dutela jabetu gabe. Ezinbestekoa da salbuespen legediak eta auzitegiak bertan behera uztea. Bakean utz gaitzatela behingoz. Eta ezinbestekoa da Euskal Herria desmilitarizatzea. Guardia Zibilak alde egin behar du. Bake garaia da, joateko garaia da.
