ALBISTEAK

Ibon Iparragirre preso politikoaren osasun egoeraz Madrilgo Gregorio Marañon ospitaletik iritsi zaizkigun albiste larriak direla eta, SORTUk honako hau adierazi nahi du:

  1. Ibon Iparragirrek gaixotasun larri eta sendaezin bat dauka, progresiboki bere egoera inmunologikoa kaltetzen ari dena. Gaixotasunak gorputzeko zenbait atali eragiten die eta egoera jasangaitza den bakoitzean ospitalera eraman behar dute. Hori gero eta gehiagotan gertatzen da.

  1. Ibonen gaixotasuna bateraezina da espetxean egotearekin, Instituciones Penitenciariasen zuzendaritza nagusiak 2011n kartzelaldi arindua ezartzeko erabakia hartu zuenean agerian geratu zen moduan. Modu horretan etxean bete beharko zuen kartzela-zigorra, pultsera telematiko baten bidez egongo zen kontrolatuta, eta egunean lau ordu kalera irteteko aukera zuen.

  1. 2014an Auzitegi Nazionalak, indarrik gabe laga zuen kartzelaldi arinduaren erabakia, eta kartzelan sartzeko agindua eman zuen, nahiz eta Ibon Iparragirreren osasun egoera larriaren berri izan. Orduz geroztik, etenik gabe txarrera egin du presoaren osasun egoerak. Orain larri dago, pneumoniak jota.

  1. Ibon Iparragirreri ezarritako egoera estalitako heriotza-zigorra da. Agerian uzten du Estatuak euskal preso politikoei eman nahi dien tratamendua. Estatuak gerra hizkuntza erabiltzen jarraitzen du. Pertsonarik ahulenenen kontra armarik txarrenak eta oldarkorrenak darabiltza: gorrotoa, mendekua eta krudeltasuna.

  1. Espainiako Erresumako PPren Gobernua, EAJrekin eztei bidaia politikoan joana, entzungor egiten ari da Ibonen gaixotasunari buruz adituak diren medikuei eta Munduko Osasun Erakundearen gomendioei, gaixotasun hau dutenak aske laga behar direla esaten baitute.

  1. SORTUk euskal erakundeei eskatzen die eta bereziki lehendakariari beharrezkoak diren gestio guztiak egin ditzaten eta Erresumako Gobernuari exiji diezaiola presoei buruzko legedia bete dadin, bai estatukoa eta bai nazioartekoa, gaixorik dauden presoak haien bizitzako azken bi hilabetera arte mantentzeko asmoz inolako euskarri legalik ez duten zirkularrak egin beharrean eta. Lehendakaria euskal herritarra da eta bere jardun administratiboan betetzen ez diren bizitza-eskubideak defenditzeko derrigortasuna du. Ibonen bizitza jokoan dago.

  1. Erabaki arduratsuak hartzeko unea iritsi da, herri moduan, gizarte moduan, erakundeak buru, etorkizunera itxaropenez begiratzen utziko digutenak. Preso politikoak txanpon trukerako bahitu gisa erabiltzeari lagatzeko unea iritsi da. Legea aplikatuz gero, pertsona horiek etxean egon beharko lukete haien gaixotasunari egokitutako tratamendu bat jasotzeko. Humanitate kontua da, eta batez ere justizia kontua da.

  1. SORTUk dei egiten dio Ezker Abertzaleari eta gizarte osoari Ibon Iparragirreren aldeko mobilizazioetan parte har dezaten. Guztion artean etxera ekarri behar dugu.

SORTUren posizioa argia da,

IBON IPARRAGIRRE KALERA!

PRESO GAIXO LARRIak KALERA!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.